Gizartea -

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

30 urteko espetxe-zigorra ezarri diote Danny Masterson aktoreari, bi emakume bortxatzeagatik

Zientziologiaren Elizan ezagutu zituen emakumeak, eta biktimek epaiketan azaldu zuten beren fedeak "nahastu" egin zituela eta urteak behar izan zituztela Mastersonek egindakoaz jabetzeko.

Danny Masterson, epaiketan. Argazkia: EFE
Danny Masterson, epaiketan.
Danny Masterson, epaiketan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

30 urteko espetxe-zigorra ezarri diote gaur Danny Masterson aktoreari, bi emakume bortxatzeagatik. Besteak beste, "That 70's Show" telesailarekin egin zen ezagun.

Ekainean jo zuten epaileek errudun Masterson, eta gaur ezagutu da zigorra. Bi emakume bortxatu zituen Hollywoodeko bere etxean. Zientziologiaren Elizan ezagutu zituen, eta 2001 eta 2003 artean gertatu ziren erasoak.

Hirugarren emakume bat bortxatzea ere leporatu zioten aktoreari, bikotekide ohi batek jarritako salaketaren ondorioz. Epaimahaiak, baina ebatzi zuen kasu hori baieztatzeko froga nahikorik ez zela aurkeztu epaiketan.

Biktima guztiek epaiketetan salatu zutenez, Zientziologiaren Elizari zioten fedeak "nahastu" egin zituen eta urteak behar izan zituzten Mastersonek egindakoaz jabetzeko. Horietako bik ziurtatu zuten kasua salatuz gero eskumikatuak izateko mehatxua jaso zutela.

Los Angelesko Gorte Gorenak 2021ean erabaki zuen aktorearen kontrako epaibidea abiatzea, haren kontrako "nahikoa zantzu" bazeudela iritzita. Hain zuzen, Harvey Weinstein ekoizlearen eskandalua argitara eman eta #MeToo mugimenduak Hollywoodeko industria astindu zuenean lehertu zen Mastersonen kasua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Ameriketako Estatu Batuak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa