Gizartea -

OSASUNA

50 urtetik beherakoen artean minbizi kasuak ia % 80 hazi dira hiru hamarkadatan

BMJ Oncology atariak publikatutako ikerketa baten arabera, gorakada horren atzean daude elikadura desegokia edota alkoholaren eta tabakoaren gehiegizko kontsumoa. Ariketa fisiko gutxi egiteak eta sedentarismoak ere badute eragina.

Foto: Pixabay
Foto: Pixabay
Foto: Pixabay

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

50 urtetik beherakoen artean minbizi kasuak % 79,1 hazi dira 1990 eta 2019 artean mundu osoan, eta gaitz horrek eragindako heriotza kopuruak % 27,7 egin du gora tarte horretan. Minbizi motei erreparatuta, bularrekoa eta kolonekoa igo dira gehien.

BMJ Oncology atariak gaur publikatu duen ikerketa baten emaitzak dira horiek. Txinako Zhejiang unibertsitateak koordinatu du lana, eta Ameriketako Estatu Batuetako, Erresuma Batuko eta Suediako adituek ere hartu dute parte bertan. 2019ko Munduko Heriotzen Txostena hartu dute oinarritzat.

Adituek onartzen dutenez, faktore genetikoak eragina du minbizi kasuen gorakadan, baina askoz ere gehiago bizimoduak. Hala, arrazoi nagusien artean, elikadura desegokia (haragi gorri, gatz eta azukre gehiegi eta fruta eta esne gutxiegi, besteak beste) edota alkoholaren eta tabakoaren gehiegizko kontsumoa aipatu dituzte. Ariketa fisiko gutxi egiteak eta sedentarismoak ere badute eragina minbizi kasuen gorakada horretan.

50 urtetik beherakoen artean, ia 2 milioi minbizi kasu atzeman ziren 2019an mundu osoan. Bularrekoaren eta kolonekoaren ondoren, biriketako, urdaileko eta hesteetako minbiziak dira heriotza gehien eragiten dutenak.

Era berean, ikerketan parte hartu duten adituen ustez, joerak goranzkoa izaten jarraituko du, eta 2030ean minbizi kasuak % 31 eta heriotzak % 21 haziko direla iragarri dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Minbizia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Munduko Osasun Erakundea Ongizatea eta osasuna