Gizartea -
Eguraldia
Ostiralera arte luzatu dute abisu horia Euskadin tenperatura altuengatik
Ostiraleko 24:00ak arte egongo da indarrean, eta tenperatura maximoak 32 gradura irits daitezke isurialde atlantikoaren barnealdean.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ostiralera arte luzatu du abisu horia tenperatura altu iraunkorragatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gaur, osteguna, abisu horia indarrean egongo da egun osoan Bizkaian eta Gipuzkoan, tenperatura altuengatik. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren aurreikuspenen arabera, tenperatura maximoak 29 gradukoak izango dira kostaldean, 32koak Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean eta Arabako iparraldean, eta 30ekoak lurraldearen gainerakoan.
Abisu horia ostiraleko 24:00ak arte egongo da indarrean Bizkaian eta Gipuzkoan. Ostiralean, 29 graduko maximoak espero dira kostaldean, 32koak Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean eta Arabako iparraldean, eta 30 gradukoak Arabako gainerako zatian.
Nafarroan eta Iparraldean, ostera, ez dute abisurik aktibatu.