Gizartea -
HONDARRIBIA
Gipuzkoako Aldundiak lehen aldiz Alarde tradizionalari zein Jaizkibel konpainiari egingo die harrera
Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzetan, Aldundiak "mugimendu xume bat" egin nahi du, "konponbidea" bilatzeko bidean.
EITB MEDIA
Gipuzkoako Aldundiak lehen aldiz Alarde tradizionala —emakumeak kantinera gisa bakarrik onartzen ditu— zein Jaizkibel konpainia parekidea hartuko ditu aurten. Ostiralean, irailak 8, egingo da Hondarribiko Alardea.
Aldundiaren asteroko Gobernu Kontseiluaren bileraren berri emateko prentsaurrekoan iragarri du Eider Mendoza diputatu nagusiak bi taldeei egingo diela harrera, konponbidearen eta elkarrizketaren aldeko "keinu xume" modura.
Aldundiak aurretik ere egin dio harrera Jaizkibel konpainiari. Martin Garitano (EH Bildu) diputatu nagusi zela (2011-2015), alarde parekidea bakarrik babestu zuen Aldundiak urtero.
Gaurko agerraldian, Mendozak argitu du bera, Hondarribiko bizilaguna izanda, "herritar modura" bi alardeak ikustera joan izan dela, eta oraingoan diputatu nagusi gisa joango dela. "Emakumea naiz, Hondarribian bizi naiz, hiru seme eta alaba bat ditut eta ondo ezagutzen du egoera", zehaztu du. Gaiak "askatzeko zailak diren korapilo asko" dituela ere esan du.
"Mugimenduak izan dira, eta Aldundiak ere mugimendu bat egin nahi du elkarrizketaren, elkar ulertzearen eta konponbidearen alde. Mugimendu bat, apaltasunez, alarde tradizionalaren desfilera eta Jaizkibel konpainiaren desfilera joanda", azaldu du.