Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Abisu horiak astelehenerako, haize-boladengatik barnealdean eta tenperatura altu iraunkorrengatik kostaldean
Zerua hodeitsu egongo da, eta baliteke han-hemenka zaparradak botatzea. Hala ere, euri txikia edo ertaina izango dira ziurrenik. Maximoek, berriz, gorakada nabarmena izango dute.
Agentziak | EITB Media
Astelehenean, zerua hodeitsu egongo da, eta baliteke han-hemenka zaparradak botatzea, txikiak edo ertainak. Haizeak ahulak edo moderatuak izango dira (ekialdetik joko dute kostaldean eta hego-ekialdetik barnealdean), eta tenperatura maximoek nabarmen egingo dute gora. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horiak ezarri ditu astelehen honetarako, 100 km/h-tik gorako haize-bolada bortitzak izan litezkeelako barnealdean eta tenperatura altu iraunkorrak kostaldean.
Zehazki, abisu horia ezarri dute haizeagatik, 00:00etatik 12:00etara. Hego-ekialdeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete mendi inguruetan. Bestalde, tenperatura altu iraunkorrak direla eta, abisu horia 00:00etatik 24:00etara egongo da indarrean.
Euskalmetek jakinarazi duenez, Baionan 19 gradu espero dira gutxienez eta 30 gehienez, Bilbon 20 gutxienez eta 33 gehienez, Donostian 19 gutxienez eta 28 gehienez, Gasteizen 17 gutxienez eta 29 gehienez, eta Iruñean 17 gutxienez eta 33 gehienez.
Kantauri itsasoaren ertzean, ekialdeko haizea ibiliko da, 3-4 arteko indarrarekin. Arratsaldean eta gauean, hego-ekialdekoa nagusituko da, itsaskirria izango da eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoa egongo da, metrora arteko olatuekin.
Asteartean, kalima izateko aukera egongo da; tarteka hodeitsu egongo da, arratsaldean hodeiak ugarituz joango dira eta zaparrada trumoitsuak botatzeko aukera izango da; haize ahul-ertainak ibiliko dira, ekialde ipar-ekialdekoak kostaldean eta hego-ekialdekoak barnealdean, eta tenperaturak gora egingo du.