Gizartea -
Trafikoa
Andoingo emakume bat oso larri zauritu da Bakaikun izandako trafiko istripu batean
66 urteko emakumea istripuan inplikatutako autoaren gidaria zen; bakarrik zihoan. Istripuan inplikatutako furgonetaren gidariak eta haren bi alabek, Huarteko bizilagunak, maila desberdineko zauriak jasan dituzte.
EITB Media
Larunbat goizean, A-10 errepidean (Sakanako autobidea), Bakaikun, bi ibilgailuk talka eginda, larri zauritu da emakume bat eta arin beste hiru emakume.
Andoingo (Araba) 66 urteko emakume bat da larri zauritutakoa. Foruzaingoak hasieran zabaldu du hil egin dela, baina informazioa oker eman dietela esan dute arratsean, eta emakumea oso larri baina bizirik dagoela jakinarazi dute.
Emakume hori inplikatutako ibilgailuetako baten gidari eta bidaiari bakarra zen, eta beste hiru emakumeak furgoneta batean zihoazen. Arinago zauritutako hiru emakumeak 52 urteko gidaria eta haren bi alabak dira.
112 SOS Nafarroako Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak 12:50ean jaso du istripuaren berri, eta Altsasuko eta Cordovillako suhiltzaileak, inguruko mediku-taldea, bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia (medikalizatua), oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat eta Foruzaingoaren patruilak bertaratu dira.
Larrialdietarko zerbitzuek atera behar izan dute emakumea auto barrutik, harrapatuta baitzegoen, eta anbulantzia medikalizatu batean eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, oso larri.
Beste ibilgailuko bidaiariak (52 urteko emakume bat eta 14 urtetik beherako haren bi alabak) arin zauritu dira, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia batean.
Iruñeko noranzkoan zihoazen bi ibilgailuren artean izan da istripua, A-10eko 22,3. kilometroan. Foruzaingoak ikerketa abiatu du istripua nola gertatu den argitzeko.