Gizartea -

Eskola garraioa

Jaurlaritzak delitu zantzuak topatu ditu eskola-garraioko enpresen artean eta Fiskaltzara joko du

Bien bitartean, hutsik geratu diren lineetako garraio zerbitzua bermatzeko, enpresek nahitaez zerbitzua emateko agindua eman du.

Eskolako autobusa Gasteizen.
Eskolako autobusa Gasteizen.
Eskola garraioa nahitaez eman beharko dute enpresek

0:41

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua, Jokin Bildarratz, hedabideen aurrean agertu da eskola publikoetako eskola garraioaren gaur egungo egoeraren berri emateko. Enpresei zerbitzua nahitaez betearaziko dien agindua martxan jarri duela jakinarazi du eta delitu zantzuak aurkitu dituztela adierazi du; alegia, hainbat enpresa elkarrekin adostuta ari direnaren susmoa daukatela eta pilatutako informazioa Fiskaltzara bideratuko dutela jakinarazi du.

Bildarratzen esanetan, eskola garraioa konponduta dago Gipuzkoan, baina ez Araban eta Bizkaian. Ibilbideak egingo dituzten garraio-enpresak kontratatu ahal izateko urte hasieran atera zituzten lizitazio-plegu gehienak hutsik gelditu zirela, "baita igoera ekonomiko handiena izan zuten ibilbideetakoak ere". Horietan orain arte lanean ari ziren enpresei "iazko baldintzetan" jarraitzeko eskaini ostean, Gipuzkoan ibilbide gehienak esleituta daudela azaldu du, Araban gutxi batzuk eta Bizkaian bat ere ez. Jaurlaritza egoera honekin harrituta dagoela esan du sailburuak, hiru lurraldeetako "irizpideak berberak baitira".

Horrez gainera, "zentzurik gabeko jarrerak", "logika ekonomikorik gabeak", identifikatu dituztela eta "susmoak sortarazi" dizkiela esan du. "Enpresa batzuk legez kontra ari direla" pentsarazi dien informazioa bildu dutela argitu du; alegia, adostasunez jarduten ari direla uste dute "administrazioaren kontura etekin handiagoak" ateratzeko.

Hori dela eta, Lehiaren Euskal Agintaritzarekin gain honen inguruan lanean ari direla azaldu du eta, "delitu zantzuak" aurkitu dituztenez, informazioa Fiskaltzara helaraziko dutela jakinarazi du.

Bien bitartean, zerbitzua bermatzeko helburuz, eskola garraioa nahitaez betearazteko aginduari hasiera eman diola jakinarazi du.

Ondorioz, zerbitzua bermatu gabe duten ibilbideetan iazko ikasturtean lanean aritu ziren enpresek eman beharko dute zerbitzua agindua indarrean dagoen bitartean. Kasu hauetan, Jaurlaritzak garraio enpresa bakoitzaren "kostu erreala ordainduko" duela eta, "legeak agindu bezala, % 6ko etekin industriala aplikatuko" zaiela zehaztu du sailburuak.

Eskola-garraioen enpresen elkarteak lasai hitz egin dute Bildarratzen hitzen aurrean. Juan Manuel Sierrak, Direbuseko kideak, "betebeharrez gain, eskubideak ere badituztela" gogorarazi dio.

Azken urteetan, sarritan irten da eskola-garraioaren arazoa mahai gainera. Sektoreko enpresen elkarteen aburuz, Jaurlaritzak pleguetan jarritako baldintzek ez dute errentagarritasuna bermatzen. Iazko ikasturtean ere kolokan egon zen eskola-garraioa eskola publikoetan eta eskolak hasi bezperan lortu zuten akordioa bi aldeek, % 24,1eko igoera adostu ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza sistemako albisteak Nerabezaroa albisteak Eskola garraioa