Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Udako eguraldia, Kontxako estropadetan
Euskalmetek iragarri duenez, igandean, irailak 3, zeru eguzkitsua eta 18 eta 28 gradu arteko tenperaturak izango dira Donostian.
EITB Media
Kontxako Banderaren lehen jardunaldia udako eguraldiarekin bizi ahal izango da, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera.
Igandea hodei batzuekin hasiko da, baina eguerdi partean giro eguzkitsua nagusituko da. Haizea ekialdekoa izango da, zehazki, eki/ipar-ekialdekoa nagusituko da egunaren erdiko orduetan, eta tenperaturak gora egingo du. Baxuenak 18 graduren bueltan ibiliko dira eta altuenak, berriz, 28 graduraino iritsi ahal izango dira.
Itsasoan, estropaden momentuan, litekeena da eki/ipar-ekialdeko haizeak jotzea 3ko indarrarekin. Gutxi gora behera, metro bateko olatuak sortuko dira eta hauen arteko denbora tartea 9 edo 10 segundokoa izango da.
Itsasbehera 13:33an izango da eta itsasgora, aldiz, 19:51n.