Gizartea -
DROGA-TRAFIKOA
Sei pertsona atxilotu dituzte Euskadin eta Kantabrian narkotrafikoaren aurkako operazio batean
30 eta 73 urte arteko gizonezkoak dira eta guztiek dituzte droga-trafikoarekin lotutako aurrekariak. Ertzaintzak eta Guardia Zibilak elkarlanean egin dute operazioa, eta aurten Estatuko iparraldean droga-trafikoari eman zaion kolperik handienetakoa da.
EITB MEDIA
Ertzaintzak eta Guardia Zibilak substantzia estupefazienteekin aritzen zen talde kriminal bat desegin dute Euskadin eta Kantabrian. Guztira 6 pertsona atxilotu dituzte, eta Bizkaitik aritzen ziren Estatuko gainerako erkidegoetara kokaina, speeda, marihuana, haxixa eta estasi pilulak garraiatzen. 12 miaketa egin dituzte Araban, Bizkaian eta Kantabrian.
Atxilotuek aurrekariak dituzte narkotrafikoagatik. 30 eta 73 urte bitarteko gizonezkoak dira, eta erakunde kriminaleko kide izatea, droga-trafikoa, kapitalak zuritzea eta armak legez kanpo edukitzea leporatzen zaie.
Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroak koordinatutako "Qilab/Arizko" operazioari esker, erakunde kriminal horren egitura guztia desegin dute, eta Estatuko iparraldean aurten droga-trafikoari eman zaion kolperik garrantzitsuenetakoa da. 16 milioi euroko balioa du atzemandako droga guztiak.
Operazio horrekin, 57.849 gramo kokaina, 12.319 gramo speed, 176.471 gramo marihuana, 24.117 gramo haxix eta 6.310 estasi pilula atzeman eta erretiratu dituzte legez kanpoko merkatutik.
Gainera, 78.536 euro konfiskatu dizkiete, eskudirutan, baita 2 eskopeta, jaurtigairik gabeko 2 pistola, gama altuko 2 ibilgailu, telefonia mugikorrak, material informatikoa eta aztertu beharreko askotariko dokumentazioa ere.