Gizartea -

Rubiales auzia

Kirol Kontseilu Gorena Kirol Auzitegiaren zain dago Rubialesen inguruko "erabakia" hartzeko

Victor Francos Kirol Kontseilu Goreneko presidenteak prentsaurrekoan azaldu duenez, 'sine die' kargugabetuko dute Rubiales, Auzitegiak "hutsegite larri baterako espedientea irekitzen badu".

Victor Francos, Kirol Kontseilu Goreneko presidentea. Argazkia: EITB Media.
Victor Francos, Kirol Kontseilu Goreneko presidentea. Argazkia: EITB Media.
Victor Francos, Kirol Kontseilu Goreneko presidentea. Argazkia: EITB Media.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kirol Kontseilu Gorena (CSD) Kirol Auzitegi Administratiboak hartuko duen erabakiaren zain dago, "horren arabera jarduteko" eta Luis Rubiales ofizialki Espainiako Futbol Federazioko presidente kargutik kentzeko, abuztuaren 20an Sydneyn jokatu zen Emakumezkoen Munduko Txapelketako finalean Jenni Hermoso jokalariari baimenik gabe musua eman ondoren.

Kontseiluko presidente Victor Francosek prentsaurrekoan azaldu duenez, Auzitegiak "hutsegite oso larri baterako espedientea irekitzen badu", horren arabera jokatuko dute, eta Luis Rubialesen kargugabetzea sine die izango da "Auzitegiak ebazpen juridikoa eman arte". Francosen iritziz, Kontseiluak aurkeztutako salaketak "oinarri juridiko guztiak ditu hutsegite oso larri gisa aztertzeko".

Era berean, "gauzak egiten ari diren zorroztasunarekin oso lasai" agertu da; izan ere, ez du uste prozesuaren "inpugnazio formalik" egon daitekeenik.

Horregatik, Francosek "erantzukizuna" eskatu die egunotan Kontseiluak poliki jarduten duela salatu duten guztiei. "FIFA baino motelagoak gara, egia da", esan du, "estatu gisa prozedura legal batzuk ditugulako". "Ez gara bere araudia nahi duen bezala aplikatzen duen erakunde pribatu bat", azaldu du.

Parekotasunari buruzko araudi berria hizpide hartuta Francosek gogorarazi duenez, Legeak esan arren Espainiako federazioen zuzendaritza guztiek beren erakundeetan % 40ko parekotasuna izan beharko dutela, lege horren bederatzigarren xedapenak argi uzten du "2024ko urtarrilaren 1ean jarriko dela indarrean, ez lehenago".

Azkenik, Espainiako futbolaren irudiaz eta eskandalu horrek 2030eko Munduko Txapelketa antolatzeko Espainiaren hautagaitzari eragin diezaiokeen kalteaz galdetuta, CSDko presidentea "kezkatuta" agertu da. Horren hitzetan, "duela bi aste gaur baino hobeto geunden kokatuta 2030eko Munduko Txapelketarako". Hala ere, Gobernuak FIFArekin "hartu-eman diplomatikoak" izaten jarraitzen duela jakinarazi du, eta helburu hori lortzeko itxaropentsu dagoela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola estatuko azken ordukoa Munduko Futbol Txapelketa Indarkeria matxista Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Matxismoa gaur Sexu erasoak