Gizartea -

Bilboko Aste Nagusia

Bilboko Konpartsek deitoratu dute aurtengo Aste Nagusian Udalarekiko harremana higatu dela

"Espero dezagun datorren Aste Nagusirako elkarlana eta giro ona berreskuratzea", esan dute Bilboko Udalarekin izandako harremanaz. Bestalde, jendearen partaidetza eta "elkarlan uholdea" goraipatu dituzte.

Konpartsak, txosnak desmuntatzen.
Konpartsak, txosnak desmuntatzen.
Bilboko Areatzan txosnak desmuntatzen hasi dira

0:40

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Konpartsek 2023ko Aste Nagusiaren balorazio gazi-gozoa egin dute. Batetik, Bilboko Udalarekin izandako harremana "higatu" dela deitoratu dute, eta datorren urterako aldaketa sakonak eskatu dituzte, baina, bestetik, jendearen partaidetza eta "elkarlan uholdea" pozik hartu dituzte.

Salatu dutenez, tirabirak izan dira Aste Nagusia hasi aurretik Udaltzaingoarekin. Txosnak muntatzen ari zirenean, konpartsakide batzuek "bidegabeko isunak" jaso zituzten, antolakuntzaren inguruko "gaizki-ulertuen" ondorioz, eta, lehenengo egunean, Arriagako balkoitik jaiei hasiera eman behar zion taldearen motxilak erregistratu zituzten eta txupinak bahitu zizkieten. "Nortzuekiko mesfidantza izan, eta Bilboko Aste Nagusiko antolatzaile boluntarioekiko…", esan dute.

Jaien alde negatiboarekin jarraituz, erregistratutako eraso "sexistak, lgtbifoboak, lodifoboak, arrazistak eta polizialak" salatu dituzte. Horien artean aipatu dituzte "edonon txiza egiten zutenekin edo txosnetan liskarrak sortu dituztenekin" piztutako egoera biolentoak.

Horrekin lotuta, astean zehar salatu dute Udaltzaingoak jarrera "bortitza eta korporatibista" izan zuela bi konpartsakide eta txosna batean txiza egiten ari ziren bi pertsonaren artean piztutako liskarrean. Salatu zutenez, txiza egiten ari zirenek konpartsakideak mehatxatu zituzten, eta horietako batek bere burua zerbitzuz kanpoko poliziatzat identifikatu zuen. "Aburtok ez ditu Udaltzaingoaren nagusikeria eta bortizkeria aitortu nahi izan, babesa eman die, aitzitik, erantzukizuna liskarra sortu zuten bi agente mozkorren portaeran fokatuz", salatu dute.

Horrez gain, Marijaia merkantilizatzeko asmoa kritikatu dute, eta horri mugak jartzeko eskatu dute.

Iaz Udalarekin izan zuten harremana goraipatu zuten, baina aurtengo Aste Nagusian hori "higatu" dela uste dute. "Espero dezagun datorren Aste Nagusirako elkarlana eta giro ona berreskuratzea", esan dute.

Bestalde, jaietako alderdi positiboari dagokionez, konpartsen arteko lankidetza eta "elkarlan uholdea" azpimarratu dituzte. "Uholdeen 40. urteurrenak aukera eman digu orduan buru-belarri lanean ibili ziren bolondresak omentzeko, baita elkarlana eta auzolana gure balio nagusiak direla gogoratu eta azpimarratzeko ere", azaldu dute.

Azkenik, ospatu dute herritarrek parte hartu dutela konpartsek antolatutako ekintza berrietan, eta 2024ra begira "parte-hartze aktiboa izaten jarraitzera" gonbidatu dituzte, "gure jai inklusibo, parte-hartzaile, feminista eta euskaldunak herritik eta herriarentzat eraikitzen jarrai dezagun".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko Aste Nagusia Bilbo Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak