Gizartea -

Rubiales auzia

Euskal futbola RFEFren "ezohiko eta premiazko" bilerara joan da, "entzuteko helburuarekin"

Bilera Las Rozasko (Madril) egoitzan egin dute, eta egungo egoera eta "hartu beharreko erabakiak eta jarduerak" aztertu dituzte bertan. Yolanda Diaz Futpro sindikatuarekin, AFErekin eta Emakumezkoen Futbol Ligako ordezkaritza batekin elkartu da.

Lurralde federazioetako ordezkariak RFEFren egoitzara iristen. Argazkia: EFE
Lurralde federazioetako ordezkariak RFEFren egoitzara iristen. Argazkia: EFE
Lurralde federazioetako ordezkariak RFEFren egoitzara iristen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Futbol Federazioak (RFEF, gaztelaniaz) Madrilgo Las Rozasen duen egoitzan "ezohiko eta premiazko" bilera egin dute lurralde federazioetako presidenteek. FIFAk Luis Rubiales kargutik kendu ostean sortu den egoeraren "analisia eta ebaluazioa" egin dute bertan.

Bilerako deialdiaren arabera, gai-zerrendan bi puntu daude: "egungo egoera aztertu eta ebaluatzea eta hartu beharreko erabakiak edo jarduerak ebaluatzea" eta "galde-eskeak" egiteko txanda.

Euskal futboleko ordezkariak "entzuteko helburuarekin" joan dira bilerara. Javier Landeta Euskadiko federazioko presidenteak azaldu duenez, "hau ez da Batzar bat, ezta Zuzendaritza Batzorde bat ere, eta helburua entzutea da. Berak (Pedro Rocha behin-behineko presidentea) proposatuta deitu gaituzte, eta itxaropen guztiekin goaz".

Bileran "normaltasuna berreskuratzeko edo, gutxienez, XXI. mendera egokitutako egoeretan jartzeko pausoak ematea" espero du Landetak. Futbola eta federazioak "gizartearen erreferente" izatea nahiko luke, "baina modu positiboan".

Bestalde, Iñaki Gomez Mardones Bizkaiko federazioko presidentearen hitzetan, "gauzak espero dira" bilera honetatik. Rochak "guztien iritzia jakin nahi" duela eta "oso beharrezkoa" dela presidenteek zer iritzi duten jakitea gehitu du.

Mardonesek aitortu du "harriduraz" bizi izan duela Munduko Txapelketako finalaz geroztik gertatutako guztia. Palkoan gertatutakoa "bidegabea eta onartezina" izan zen, bere aburuz, eta musua, "jarrera desegokia presidente batentzat". Halaber, abuztuaren 25eko batzarrean, lurralde federazioak "amarru batean" sartu zituztela uste du.

Yolanda Diazen bilerak Futprorekin eta Emakumezkoen Futbol Ligarekin

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko jarduneko bigarren presidenteorde eta Lan ministroa futboleko hainbat erakundetako ordezkariekin bildu da astelehenean.

Eguerdian, emakumezkoen futbolean nagusi den Futpro sindikatuko presidentea, Amanda Gutierrez, hartu du. Futbolarien arteko soldata-desberdintasuna izan dute hizpide; izan ere, batez beste, gizonezkoek 180.000 euro irabazten dituzte urtean, eta emakumeek, berriz, 16.000.

Ministroak bileraren amaieran zehaztu duenez, "ordainsari desberdinak egon daitezke gizonen eta emakumeen artean, baina zentzuzkoak izan behar dute eta arrazoi bat izan behar dute atzean".

Amanda Gutierrezen ustez, greba da futbol jokalariek negoziazioak desblokeatzeko duten mekanismoetako bat. Jokalarien oinarrizko soldata igotzeko patronalak erabiltzen duen argudioak (emakumezkoen futbolak ez duela gizonezkoenak beste ekoizten dio) ez duela oinarririk esaten du, eta patronalak "aitzakiak bilatu beharrean irtenbideak eman behar ditu", horren aburuz.

Emakumezkoen futboleko lehen mailako kluben eta jokalarien arteko I. Hitzarmen Kolektiboa 2020ko otsailean onartu zen, 17 hilabeteko negoziazioen eta 2019ko urriaren 22an kirolariek deitutako grebaren ondoren.

Arratsaldean, Diaz ministroa Espainiako Futbolarien Elkarteko (AFE) ordezkariekin bildu da. Ondoren, David Aganzo presidenteak adierazi duenez, "bere lana Jenni Hermoso eta emakume asko defendatzen saiatzea da". RFEF zuzentzeko aukeratutakoei dagokienez, bere hitzetan, "oso lotuta" daude Rubialesekin.

Sindikatuak ministroarekin izandako bileran azpimarratu duenez, "1006/85 Errege Dekretua aldatu eta eguneratu behar da", kirolari profesionalen lan-harreman berezia arautzen duena. Uste dute hainbat gai behar bezala antolatu behar direla, hala nola emakumeen lan-arloko diskriminazioa, kirolarien amatasuna, familia-kontziliazioa, berdintasun-planak edo soldata-arrakala...

Yolanda Diazekin bildu den azkena Beatriz Alvarez Emakumezkoen Ligako presidentea izan da. Horren esanetan, emakumeen futbolak "konpromisoa" du "aldaketaren sinbolo gisa". Alvarezek gutxieneko soldata eta jokalarientzako baldintza ekonomikoak hobetzea ere aztertu ditu ministroarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak