Gizartea -
PROTESTA
Ehunka lagunek bat egin dute AHT-rako zundaketak geldiaraztea eskatzen duen bizikleta martxarekin, Beasainen
Ekainean zundaketak egiten hasi ziren eta elkarretaratzeak egin zituzten hori salatzeko Ataunen zein Lakuntzan, besteak beste. Uztailean 60 zundaketa egitekoak ziren Goierrin eta Sakanan.
EITB MEDIA
Ehunka lagun bildu dira gaur Beasainen, Sakanatik zetorren AHTaren aurkako bizikleta martxarekin bat eginez. Abuztuaren 25ean hasi eta 27ra bitartean, "Stop AHT Zundaketak" ekimenak bizikleta martxa antolatu du Sakana, Arabako Lautada eta Goierri lotuz, Abiadura Handiko Trenaren obrak direla eta, ekainean egiten hasi ziren zundaketa geologikoak salatzeko eta horiek bertan behera gelditzea eskatzeko. "Lurraren alde" da martxaren leloa.
Ibilbidean, proiektua igaroko litzatekeen herrietan geldialdiak egin eta zundaketa eskarien aurrean zer egin azaltzen duen protokoloa aurkezten ari dira, dagoeneko "hiru zundaketa geldiarazi" dituztela nabarmenduz.
Martxa honen bidez, "AHT eraikitzeak dakarren inpaktu-katea" salatu nahi dute deitzaileek: "ingurumen-inpaktuak, herri eta lurretan izango duen eragina, xahutze ekonomikoa, ohiko trenaren desmantelamendua eta honen zerbitzuak hobetzeari uko egitea, eta, ondorioz, enpleguak galtzea".
AHTrik ez Lautada, Landarlan, Otsotarrak, Sakana Trenaren Alde, Sustrai Fundazioa eta AHT Gelditu Nafarroa taldeek, elkarlanean, bultzatu dute bizikleta martxa. Gorka Ovejero Sakana Trenaren Alde taldeko kideak Euskadi Irratiari adierazi dionez, "bai Sakanan bai Goierri aldean, zundaketak egiteko baimenak eskatu dituzte eta hori obren hasiera moduko bat dela ulertzen dugu. Horren aurrean, betiko trena babestu behar dela adierzi nahi dugu eta betiko trena bazterrera uzten duten bitartean diru guztia AHTra bideratzen ari direla salatu nahi dugu".
Irurtzun-Olazti egin zuten ostiralean, lehen etapan, eta Olazti-Ataun egingo dute bigarrenean. Bihar, berriz, Ataun-Irurtzun ibilbidea egingo dute. Tartean, 12:00etan Uharte-Arakilen egotea espero dute, Artzain Egunarekin bat eginez. Amaiera ekitaldia 15:00ak aldera izango da Irurtzungo herriko plazan.