Gizartea -
Indarkeria matxista
Behin-behinean espetxera bidali du epaileak Chipionako krimen matxistagatik akusatutako gizona
63 urteko emakumearen hilketa abuztuaren 23ko gauean gertatu zen. Hilketa horrekin, 1.222 dira 2003tik hona Espainiako Estatuan bikotekideek edo bikotekide ohiek eraildako emakumeak.
Agentziak | EITB Media
Chipionan (Cadiz) emaztearen hilketa matxista egotzita atxilotutako 73 urteko gizona behin-behinean, komunikatuta eta fidantzarik gabe, espetxeratzeko agindu du larunbat honetan Sanlucar de Barramedako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak.
Epailearen aurrean ez deklaratzeko eskubideari heldu dio akusatuak.
63 urteko emakumearen hilketa abuztuaren 23ko gauean gertatu zen, eta egun horretan bertan senarra atxilotu zuten, ustezko egilea zelakoan.
Chipionako Udalak "doluminak" agertu dizkie hildako emakumearen senide, lagun eta lankideei sare sozialetan.
Luis Mario Aparcero Chipionako alkateak hiru dolu egun ezarri ditu hilketagatik. Astelehenetik aurrera banderak haga erdian jarriko dituzte udaletxean, eta herritar guztiak deitu dituzte hilketa gaitzesteko elkarretaratzera.
Hilketa horrekin, 1.222 dira 2003tik (urte horretan hasi ziren kasu horiek zenbatzen) hona Espainiako Estatuan bikotekideek edo bikotekide ohiek eraildako emakumeak.