Gizartea -
Trafikoa
Arratsalde zaila izan dute AP-8an, Irunen, Baionarako noranzkoan
AP-8an bertan Muskizen eta Araban, A-1 eta N-622 errepideek bat egiten duten lekuan ere auto-ilarak sortu dira arratsaldean.
EITB Media
13 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira ostiral honetan AP-8 autobidean Irunen, Baionarako noranzkoan. Auto-ilara horiek 3. kilometroan hasi dira eta 16.eraino iritsi dira.
Ipar Euskal Herrira eta Frantziara doan ibilgailu kopuruaren ondorioz hasi dira auto-ilarak sortzen. Ondoren, 13:30ean, kamioi bat matxuratu da eta Oinaurreko irteera itxi egin behar izan dute. Arratsaldeak aurrera egin ahala, ilarak areagotu egin dira eta N-121-A errepidean ere sortu dira pilaketak.
Ondorioz, autoetako askok Irun herrira sartzea erabaki dute, baina Udaltzaingoak kontrolak ezarri ditu sarreretan. Herritarrei eta lanera zihoazenei bakarrik utzi die sartzen.
Gauean ilara horiek arinduz joan dira.
Bizkaia
Bizkaian ere arratsalde korapilatsua izan dute AP-8 errepidean, Muskizen, Galdakaorako noranzkoan. Istripu bat gertatu da arratsaldean eta erreitako bat itxi egin behar izan dute. 18:00ak aldera egoera normaldu da.
Araba
Araban, berriz, arazoak A-1 eta N-622 errepideek bat egiten duten puntuan gertatu dira auto-ilarak. Eguerdian trafikoa moteltzen hasi da ibilgailu kopuruaren ondorioz eta iluntzera arte ez da egoera arindu.