Gizartea -

83ko uholdeak

Hondamendiaren kaosa gobernatzen

Gaur 40 urte dira Euskadi urpetu zela. Tragedia gorabehera, ahalik eta hoztasun gehienaz aritu zirenekin mintzatu gara. Ricardo Olabegoyak, Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko zuzendaria zenak, orduan bizitakoak kontatu dizkigu.

Bilbo, uholdeen ondoren. ETB2ko dokumental batetik hartutako irudia.
Bilbo, uholdeen ondoren. ETB2ko dokumental batetik hartutako irudia.
Horrela izan ziren 83ko uholdeen lehen 48 orduak, Larrialdi Zuzendaritzaren ikuspegitik

2:30

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Garaikoetxea lehendakari zuen lehen Eusko Jaurlaritzak larrialdi arloan eskarmentua zuen euskal herritar baten bila ari zen 1981eko maiatzean. Gobernuaren Babes Zibileko zuzendaria izendatu beharra zegoen. Ricardo Olabegoya Venturini (Leioa, 1945) aukeratu zuten kargurako, bederatzi urtez Bartzelonako Udalaren suhiltzaileen buru jardun zuela kontuan hartuta. 

Handik bi urte eskasera heldu zitzaion Olabegoyari bere lehen proba handia: gaurkoa bezalako egun batean, 1983ko abuztuaren 26an, Euskadi ito egin zen, inoiz izandako uholde handienetan. Dozenaka hildako, bost desagertu eta 200.000 milioi pezetako (1.200 milioi euro) kalte materialak utzi zituzten euriteek. 40 urte igaro diren arren, ondo gogoan ditu zorigaiztoko egun haiek. Dokumentuz betetako karpeta bat eskuan etorri zaigu eitb.eus-eko elkarrizketara, memoriak kale egingo balio, helduleku izateko. Ez da beharrezkoa izan, uholdeen osteko lehen 48 orduen kontakizun zehatza egin digu: nola itzartu zuten goizaldean, Gipuzkoako egoera kezkagarria zelako, zelan eguerdirako Bilbo bihurtu zen kezka iturri... Jaurlaritzako gainerako kide eta beste erakundeetako buruzagi eta baliabideekin, lana eta koordinazioa izan zituen lege. Boluntarioak ere erruz hurbildu ziren, laguntzeko prest, baina haiek ere gobernatu beharra zegoen. 

Dena dela, larrialdietako dispositiboa ez zen egun batetik bestera pentsatu. Kargua hartzearekin bat, 1981ean, Alemaniako eta beste herrialde batzuetako protokoloak ondo aztertu ostean ondu zuten. "Drama gorabehera, nahiko ondo funtzionatu zuen", esan digu harro. Horren erakusgarri, larrialdia gainditu ondoren, Europako hainbat herrialdetako buruzagiak etorri ziren EAEra, 83ko uholdeen dispositibo hartaz ikastera. 

Uholdeen Larrialdi dispositiboak ondo funtzionatu zuen, zailtasunak zailtasun
Uholdeen Larrialdi dispositiboak ondo funtzionatu zuen, zailtasunak zailtasun
Uholdeen Larrialdi dispositiboak ondo funtzionatu zuen, zailtasunak zailtasun

1:28

83ko uholdeen larrialdi plana ondorengo urteetarako proba bikaina izan zen, zalantza barik. Asko aldatu da egoera, baliabide gehiago eta eskarmentu handiagoa dago orain Euskadin. Baina gauza bat ez da aldatu: tragedia begi aurrean topatuta gizakiak sentitzen duen txikitasuna. Ricardo Olabegoyak berak Bilbo abuztuaren 26ko gau hartan sentitu zuenaren antzekoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo gaur Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Hondamendi naturalak Gaurko azken orduko albistea Uholdeak bideoak Hondamendi naturalen biktimak Goialdeko depresioa gaur