Gizartea -
Bero bolada
Gipuzkoako kostaldean 30 °C-tik gorako tenperaturak neurtu dituzte gau sargori batean
Higerko (Hondarribia) estazioan 33,5 °C erregistratu dituzte, eta 31,8 °C Santa Klaran (Donostia). Atzokoan maximoetan markak hautsi zituzten udalerrietan, Gueñesen (Bizkaia) eta Laudion (Araba), beroa baina "samurragoa" izan da gaua, 22-24 ºC izan baitituzte.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Ohartarazita geunden, baina, neurri guztiak hartuta ere, leihoak zabaldu eta arropa gutxirekin lo egin arren, gau zaila izan da gaurkoa begiak biltzeko. Atzokoan muturreko tenperatura altuek eman zuten zeresana, eta bart gauekoa ez da makala izan: kostaldean 30 ºC inguruan izan da termometroa, eta 20 ºC-tik gora barnealdean.
Gipuzkoako kostaldean izan dute egoerarik makurrena, eta 30 ºC izan dituzte ia gau osoan. Hala, Santa Klarako (Donostia) estazio meteorologikoak 31,8 ºC erregistratu ditu 06:20an, eta Higerren (Hondarribia), 33,5 ºC 07:00etan. Euskalmetek Jaizkibelen (Lezo) duen estazioan, 32,9 ºC zituzten 01:00ean. Barnealdean, Arrasaten zertxobait "freskoago" zeuden 04:50ean: 26,6 ºC.
Bizkaian, Bermeon 31,2 ºC zituzten 04:40an, eta Oizen (Munitibar) 30,1 ºC gauerdian. Hortik behera, Punta Galean (Getxo), bertako estazioak tenperatura samurragoa zuen 03:20an: 24,6 ºC.
Barnealdean, Gueñesek erdietsi zuen atzo marka. EAEko mende honetako tenperaturarik altuena erregistratu zuten bertan: 45,6 °C. Gaua, baina, jasangarriago izan da, eta 02:10ean izan dute minimoa: 22,7 ºC.
Araban, Laudion ere hobeto pasatu dute gaua. Izan ere, atzo 44 ºC-an kiskaldu ostean, bart tenperatura minimoa 24,1 gradukoa izan da, 05:20an.