Gizartea -
Bilboko Aste Nagusia
Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu, Aste Nagusian erasoak egitea egotzita
Atxilotuetako bati arma zuriz eraso egitea egotzi diote. Udaltzaingoak, bestalde, 31 pertsona atxilotu ditu jaietako laugarren gauean.
M. D. | EITB Media
Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu asteazken goizean, Bilboko Aste Nagusian lesio delituak egin izana egotzita, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Atxilotuetako bati, 20 urteko gizonezko bati, arma zuriz eraso egitea egotzi diote. Biktimak labankada bat jaso zuen bularraldean, eta lurrean geratu zen. Ertzaintzaren patruila bat bertaratuta, agenteek anbulantzia bat eskatu zuten, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Ustezko erasotzailea handik gertu atxilotu zuten, eraso egin eta gero ihes egin zuen arren.
Beste bi atxilotuak (21 eta 22 urteko bi gizonezko) eraso delitu bat egotzita atxilotu dituzte. Metroko segurtasuneko langileek atxiki zituzten, bidaiari bati eraso egin ostean. Beste erabiltzaileei beren gauzekin kontuz ibiltzeko ohartarazi zien biktimak, erasotzaileak mugikorra lapurtzen saiatzen harrapatu ondoren.
Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, Udaltzaingoak 31 pertsona atxilotu ditu jaietako laugarren gauean, gehienak lapurretak eta ebasketak egitea egotzita. Hiru salaketa jarri dituzte emakumeei ukituak egiteagatik.