Gizartea -
Eguraldia
Beroaldia, bete-betean gaur: termometroek 40 ºC-rainoko tenperaturak erakutsiko dituzte
Hego Euskal Herria osoa alerta laranjan egongo da gaur eta bihar, eta Jaurlaritzak Babes Zibileko Planaren (LABI) alerta fasea ezarri du.
EITB Media
Bero itogarria, 40 ºC-rainoko tenperatura maximoekin. Hori espero da datozen egunetarako, ostegunera arte behintzat, Hego Euskal Herri osoan. Horregatik, Euskalmetek alerta laranja iragarri du EAEn. Aemet Espainiako meteorologia agentziak, bestalde, ostegunera arte ezarri du alerta Foru Erkidegoan.
Iragarpena kontuan hartuta, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak osasun alerta gorriari eutsi dio (abuztuaren 16tik dago indarrean) sargoriagatik eta osasunerako arriskuagatik. Hori horrela, pertsona zaurgarrienak (adinekoak, 4 urte baino gutxiagoko umeak eta haurdunak, besteak beste) babesteko garrantzia azpimarratu du Osasun Departamentuak.
Muturreko eguraldiagatik dozena bat abisu ezarri ditu Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak.
Hain justu, Gasteizko Udalak muturreko beroari aurre egiteko protokoloa aktibatu du, eta babes-neurriak hartzeko deia egin die biztanleei. Bereziki zaurgarriak diren herritarrei (pertsona nagusiak, adingabeak, gaixotasun kroniko bat dutenak eta eritasun konkretu batzuk dituztenak) egin die zaintzeko eskaria.
Gaur, atzokoa baino are beroagoa izango da eguna. 39 ºC izango dituzte Arabako Errioxan, eta 38 ºC lurraldearen gainerakoan; 36 ºC Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, eta 30 ºC kostaldean. Hori horrela, Hego Euskal Herri osoa alerta laranjan egongo da. Gau tropikalak izango dira berriro, eta tenperatura minimoak, kasu askotan, ez dira 20 ºC-tik jaitsiko.
Gainera, Foru Erkidego osoa egongo da alertan (aurreko egunetan ez bezala, ez da salbuespenik egongo), 39-41 ºC-ko maximoak espero baitira denean. Ipar Euskal Herrian, abisu horiari eutsi dio Meteofrancek.
Ostegunean, bezperan bezala, Nafarroa guztia egongo da alerta laranjapean, 39-41 ºC-ko maximoak izango baitira, aurreikuspenen arabera.
Testuinguru honetan, Jaurlaritzak Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) alerta fasea ezarri du.