Gizartea -
Alerta beroagatik
Bilboko Aste Nagusiko zenbait ekitaldi moldatu egingo dituzte, beroaren ondorioz
Txikigunea itxita egongo da asteazkenean 13:00etatik 18:00etara, ureko jokoen kasuan izan ezik.
EITB Media
Bilboko Udalak Aste Nagusiko zenbait ekitaldi eta jarduera moldatuko ditu, asteazkenerako eta ostegunerako aurreikusten diren muturreko tenperaturen ondorioz.
Hori horrela, Casilda Iturrizar parkeko Txikigunea itxi egingo dute asteazkenean 13:00etatik 18:00etara, ureko jokoen kasuan izan ezik.
Era berean, Gas Plazan egitekoa den antzezlanaren ordutegia ordu erdi aurreratuko dute, 12:30etik 12:00etara, hain zuzen ere.
Bestalde, Udalak ohartarazi du balitekeela erraldoien eta buruhandien ibilbidean ere aldaketak egin behar izatea egunotan.
Euskadi alerma gorria egoeran izango da asteazkenean, tenperatura altuen ondorioz. Horren ildotik, Bilbon 40 ºC-ko tenperaturak espero dira, eta 33 ºC-koak ostegunean.