Gizartea -
Munduko Futbol Txapelketa
Luis Rubialesek dimititu egin beharko lukeela iradoki du Pedro Sanchezek
Jokalari bati bere baimenik gabe ezpainetan emandako musuaren ondoren, futbol Federazioko presidenteak egindako barkamen eskaera ez zaio nahikoa iruditu jardunean dagoen Gobernuko presidenteari.
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchezek, jardunean dagoen Gobernuko presidenteak, iradoki du Espainiako Futbol Federazioko presidente Luis Rubialesek dimisioa eman beharko lukeela. Rubialesek musu eman zion ezpainetan bere baimenik gabe Jennifer Hermoso jokalariari Munduko Txapelketa irabazi osteko ospakizunetan. Gertakari horrek sortutako kritika zaparradaren ondoren egin zuen barkamen eskaera ez zaio nahikoa iruditu Sanchezi eta, bere ustez, agintariak "pausoak ematen jarraitu behar du".
"Ikusi genuen keinua ez da onargarria. Egin duen barkamen eskaera ez da nahikoa; are gehiago, ez da egokia. Beraz, pausoak ematen jarraitu behar du denok ikusi genuen hura argitzeko", esan du hitzez hitz Gobernuko presidenteak hedabideen aurrean Moncloa jauregian, Felipe VI.a erregearekin izan duen bileraren ondoren.
Sanchezen aburuz, Rubialesen jarrerak "argi uzten du" Espainian "bide luzea dagoela egiteko aurretik".
Sanchezen hitz hauen aurretik, kritika eta dimisio eskari ugari jaso zituen Federazioko agintariak hainbat politikari eta erakunderen eskutik. Hain zuzen ere, PP eta PSOE alderdiek ere ikuspuntu antzerakoa erakutsi dute gai honetan. Cuca Gamarrak, PPk Kongresuan duen bozeramaileak gertatutako "lotsagarria" izan zela esan du. Bere ustez, "ondorioak izan beharko lituzke, batik bat herrialde oso bat sumindu duelako eta ez delako herriaren irudi ona ematen ari". Hala ere, gertakari honek ez lukeela jokalariek lortu duten garaipena lausotu behar iruditzen zaio.
Alderdi ugaritako politikariek eta hainbat ministrok egin bezala, UGT eta CCOO sindikatuetako buruek ere Rubialesen dimisioa eskatu dute. UGTko idazkari nagusi Pepe Alvarezek "astakirten" gisa definitu du Federazioko burua eta Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiaren hitzetan, "gizon hau soberan dago kargu horretan".
Lehen salaketa
Gizarteko alor ugaritatik ari da presioa jasotzen Luis Rubiales, batik bat, kirolaren mundutik eta Futbol Entrenatzaileen Espainiako Nazio Eskolak (Cenafe, gaztelaniaz) bere aurkako lehen salaketa jarri du Kultura eta Kirolen Ministerioaren menpe dagoen Kirol Kontseilu Gorenaren (CSD, gaztelaniaz) aurrean.
Espainiako Futbolarien Elkarteak ere komunikatu gogorra kaleratu du gai honen inguruan. Agintariei eskatu die "berehala dimititzen ez badu", "Kirolaren Legea aplikatu dezatela, honelako jazoerak lege horretan jasota" daudelako. Horrez gainera, CSDri gogorarazten dio Sexu indarkeriaren aurkako protokoloa-ren 5. puntuan "berehalako ondorioak izango dituen portaera ez onargarri" gisa agertzen dela "indarrez musu ematea".
Azkenik, Beatriz Alvarez Emakumezkoen Ligako presidenteak "alde batera ez begiratzeko" eskatu die Espainiako Gobernuari eta CSDri. Rubialesen jarrerak ez duela "harritu" jakinarazi du eta gizon honen "portaera onartezinaren" ondorioz, Espainiako futbola ematen ari den irudiarekin "lotsatuta sentitzen" dela gehitu du.