Gizartea -

Eguraldia

Hego Euskal Herria osoa alerta laranjan egongo da bihar eta etzi, 40 °C-rainoko maximoengatik

Araba erdialdean eta Ipar Euskal Herrian abisu horia egongo da indarrean muturreko tenperatura altuengatik. Biharkoa are beroagoa izango da, eta Bizkaia eta Gipuzkoa, kostaldea barne, abisu horipean egongo dira.

Atzo bezala, kostaldean egongo da giro atseginena. Argazkia: EFE
Hainbat emakume eguzkia hartzen Donostiako Kontxan.
Bero itogarria, 40 ºC-rainoko tenperatura maximoekin Hego Euskal Herria osoan

0:43

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bero itogarria, 40 ºC-rainoko tenperatura maximoekin. Hori espero da datozen egunetarako, ostegunera arte behintzat, Hego Euskal Herria osoan. Horregatik, Euskalmetek alerta laranja iragarri du lurraldearen eremu horretan. Iragarpen hori kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bihar (asteazkena) arte luzatu du beroagatik ezarritako alerta laranja. Aemet Espainiako meteorologia agentziak, bestalde, ostegunera arte ezarri du alerta Foru Erkidegoan. 

Iragarpena kontuan hartuta, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak osasun alerta gorriari eutsi dio (abuztuaren 16tik dago indarrean) sargoriagatik eta osasunerako arriskuagatik. Hori horrela, pertsona zaurgarrienak (adinekoak, 4 urte baino gutxiagoko umeak eta haurdunak, besteak beste) babesteko garrantzia azpimarratu du Osasun Departamentuak. 

Muturreko eguraldiagatik dozena bat abisu ezarri ditu Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak. Abisuek, alerta laranjak barne, batez ere EAEko hegoaldeari (Arabako Errioxa eta Araba erdialdea) eragingo diote, baina bihar bi abisu hori ezarriko dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan (barnealdean zein kostaldean), muturreko tenperatura oso altuak eta tenperatura altu iraunkorrak espero baitira. 

Hain justu, Gasteizko Udalak muturreko beroari aurre egiteko protokoloa aktibatu du, eta babes-neurriak hartzeko deia egin die biztanleei. Bereziki zaurgarriak diren herritarrei (pertsona nagusiak, adingabeak, gaixotasun kroniko bat dutenak eta eritasun konkretu batzuk dituztenak) egin die zaintzeko eskaria. 

Gaur, asteartea, bezperan baino koska bat gorago egongo dira termometroak. 38 ºC-ko maximoak espero dira Arabako Errioxan, eta bi alerta laranja izango dira bertan (bata tenperatura oso altuengatik eta bestea tenperatura altu iraunkorragatik) eta alerta hori bat (baso-sute arriskuagatik); azken hori zonaldeak duen hezetasun faltarekin estuki lotuta. Lurraldearen beste guneetan, bero egingo du: 36 ºC harrapatuko dituzte Araba erdialdean, 31 ºC Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, eta 27 ºC kostaldean. 

Atzo 39 ºC-tik gertu izan ziren termometroak Arabako hainbat lekutan, eta hortik gora egongo omen dira gaur, Euskalmeten arabera. 

Nafarroan, ia lurralde osoa (Bidasoa ingurua, Nafarroako zonalde atlantikoa, salbu) egongo da arrisku handian beroagatik. Termometroa 40-41 ºC-ra igoko da Erriberan eta Foru Erkidegoaren erdialdean; Pirinioetan, gradu bat gutxiago espero da (39 ºC). Ipar Euskal Herrian, berriz, abisu horia ezarri dute. 

Bihar, asteazkena, are beroagoa izango da eguna. Arabako Errioxan 39 ºC izango dituzte, eta 38 ºC lurraldearen gainerakoan; 36 ºC Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, eta 30 ºC kostaldean. Hori horrela, Hego Euskal Herria osoa alerta laranjan egongo da. Gau tropikalak izango dira berriro, eta tenperatura minimoak, kasu askotan, ez dira 20 ºC-tik jaitsiko. 

Asteazkenean, Foru Erkidego osoa egongo da alertan (aurreko egunetan ez bezala, ez da salbuespenik egongo), 39-41 ºC-ko maximoak espero baitira denean. Ipar Euskal Herrian, abisu horiari eutsiko dio Meteofrancek. 

Ostegunean, bezperan bezala, Nafarroa guztia egongo da alerta laranjapean, 39-41 ºC-ko maximoak izango baitira, aurreikuspenen arabera. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Arabako Errioxa Bero-boladak