Gizartea -
Eguraldia
Asteazkenera arte luzatu dute Araban eta Nafarroan beroagatik ezarritako alerta laranja
Gaur eta bihar abisu horia izango da indarrean Araba erdialdean eta Ipar Euskal Herrian muturreko tenperatura altuengatik. Etzi izango da egunik sargoriena, eta egun horretan, Bizkaia eta Gipuzkoa, kostaldea barne, abisu horipean egongo dira.
EITB Media
Bero itogarria, 37-39 ºC-ko tenperatura maximoekin. Hori espero da datozen egunetarako, asteazkenera arte behintzat, Arabako Errioxan eta Nafarroan (Bidasoa ibaiaren ibarrean). Iragarpen hori kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak etzira arte luzatu du beroagatik ezarritako alerta laranja. Aemet Espainiako meteorologia agentziak ere gauza bera egin du Foru Erkidegoan.
Ostegunean hasi zen beroaldiaren ondorioz, muturreko eguraldiagatik 11 abisu ezarri ditu Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak. Abisuek, alerta laranjak barne, batez ere EAEko hegoaldeari (Arabako Errioxa eta Araba erdialdea) eragingo diote, baina etzi bi abisu hori —muturreko tenperatura oso altuak eta tenperatura altu iraunkorra— ezarriko dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan (barnealdean zein kostaldean).
Hain justu, Gasteizko Udalak muturreko beroari aurre egiteko protokoloa aktibatu du, eta babes-neurriak hartzeko deia egin die biztanleei. Bereziki zaurgarriak diren herritarrei (pertsona nagusiak, adingabeak, gaixotasun kroniko bat dutenak eta eritasun konkretu batzuk dituztenak) egin die zaintzeko eskaria.
Gaur, astelehena, 35 ºC-ra igoko da termometroa Araban (hiriburua tartean), eta 37 ºC-ra Ebro ondoko eskualdean (Arabako Errioxa). Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, 30 graduko maximoak izango dituzte, eta kostaldean, 26-27 ºC ingurukoak. Minimoak epelak izan dira: 17 ºC-koak Arabako Errioxan eta Araba erdialdean; 19 ºC-koak Bizkaia eta Gipuzkoa hegoaldean, eta 21 ºC-koak kostaldean.
Hori horrela, tenperatura altu iraunkorragatik alerta laranja egongo da Arabako Errioxan (egun osoan) eta tenperatura oso altuengatik abisu horia Araba osoan (14:00etatik 19:00etara). Gainera, Araba erdialdean beste abisu hori bat izango da indarrean tenperatura altu iraunkorragatik (gauerdira arte).
Bihar, asteartearekin, egoera ez da asko aldatuko. 38 ºC maximoak espero dira Arabako Errioxan, eta bi alerta laranja izango dira han: bata tenperatura oso altuengatik eta bestea tenperatura altu iraunkorragatik. Lurraldearen beste guneetan, bero egingo du: 36 ºC harrapatuko dituzte Araba erdialdean, 31 ºC Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, eta 27 ºC kostaldean.
Dena dela, egunik sargoriena asteazkena izango da. Arabako Errioxan 39 ºC izango dituzte, 38 ºC lurraldearen gainerakoan; 36 ºC Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, eta 30 ºC kostaldean. Hori horrela, Araba osoa alerta laranjan egongo da, eta abisu horiak izango dira Bizkaian eta Gipuzkoan (kostaldean eta barnealdean). Gauak tropikalak izango dira berriro, eta tenperatura minimoak, kasu askotan, ez dira 20 ºC-tik jaitsiko.
Nafarroan, Aemetek 10 alerta laranja ezarri ditu datozen hiru egunetarako. Gaur eta bihar ia lurralde osoa (Bidasoa, hots, Nafarroako zonalde atlantikoa) egongo da arrisku handian beroagatik. Gaur termometroa 39 ºC-ra igoko da Erriberan eta Nafarroa erdialdean, eta are gehiago (40-41 ºC) bihar; Pirinioetan gradu bat gutxiago espero da (38 ºC gaur eta 39 ºC bihar). Asteazkenean, lurralde osoa egongo da alertan, 39-41 ºC-ko maximoak espero baitira.
Ipar Euskal Herrian, beroagatik abisu horia ezarri du Meteofrancek.