Gizartea -
Indarkeria matxista
Tuteran sexu-erasoa egotzita atxilotutakoak epaile aurrera eraman dituzte
Bost gizonak igandean atxilotu zituzten, emakume bati taldean eraso egitea egotzita.
Agentziak | EITB Media
Igandean Tuteran sexu-erasoa egotzita atxilotutako bost gizonak gaur, asteartearekin, eraman dituzte epaile aurrera.
Gertakariak larunbatetik iganderako gauean gertatu ziren, eta atxiloketak igandean zehar egin zituzten. Udaltzaingoak Foruzaingoarekin batera egin du ikerketa.
Foruzaingoko iturriek salaketa eta atxiloketak baieztatu dizkiote EFE agentziari. Bost gizonak astelehenean epailearen esku uztea zen asmoa, baina azkenean asteartean izango da.
Tuterako alkateak "erabat" gaitzetsi du erasoa
Alejandro Toquero Tuterako alkateak "erabat" gaitzetsi ditu gertakariak sare sozialetan zabaldutako mezu batean.
"Emakumeak ukiezinak dira, kontrakoa adierazten ez badute. Argi gera dadila nire jarrera. Erabat gaitzesten dut asteburu honetan Tuteran izandako sexu-erasoa, eta biktimari nire babes osoa helarazten diot, pertsona eta alkate gisa", adierazi du.
Era berean, gaur eguerdian udaletxe atarian egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du, "argi eta garbi esateko Tuteran horrelako basakeriak arbuiatzen ditugula, biktimen intimitatea errespetatzen dugula eta babesten ditugula".