Gizartea -

2023ko munduko txapelketa

Espainiako Futbol Federazioaren presidenteak ahoan musu eman dio selekzioaren jokalari bati

Keinu matxista atzo jazo zen. Munduko txapelketaren finalean dominak emateko ekitaldian, Luis Rubialesek burutik oratu zion Jennifer Hermosori, eta musu eman zion, haren baimenik gabe. Jarduneko Berdintasun ministroak "sexu indarkeritzat" jo du, eta Sumarrek Rubialesen dimisioa eskatu.

Onespenik gabeko musuaren unea. Marta Loisek (@MLoisgonzalez) X sare sozialean partekatutako irudia.
Onespenik gabeko musuaren unea.
Onespenik gabeko musuaren unea. Marta Loisek (@MLoisgonzalez) X sare sozialean partekatutako irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioaren (RFEF, gazteleraz) presidenteak ahoan musu eman zion Jennifer Hermoso selekzioko jokalariari Munduko Txapelketan finaleko garaipena ospatzeko ekitaldian. Gertakari matxista atzo jazo zen, dominak banatzeko ekitaldian. Irudiak biral bihurtu dira sare sozialetan, eta hainbat buruzagi politikoren gaitzespena eragin dute, besteak beste, Irene Montero Espainiako Gobernuko jarduneko Berdintasun ministroarena. Monteroren aburuz, gertatutakoa "sexu-indarkeria" da. Sumarrek Rubialesen dimisioa eskatu du. Federazioak, oraingoz, ez du adierazpenik egin. 

Espainiak Ingalaterra garaitu osteko irudietan ikusi zenez, Rubialesek burutik oratu zion, eta, baimenik gabe, musu eman zion ahoan. Ondoren, aldageletan zuzenean sare sozial baten bidez zabaldutako irudietan, honakoa esan zuen Hermosok: "E, ez zait gustatu (…) Baina zer egin dezaket? Begiratu niri, begiratu".

Gerora, Federazioak EFEri bidalitako adierazpenetan, gertatutakoari "buelta gehiago ez emateko" eskatu du, eta "Munduko Txapelketa irabazteak emandako erabateko zoriontasunaren eraginez izandako bat-bateko keinu bat izan da, elkarren artekoa". Jokalariaren esanetan, "presidenteak eta nik harreman oso ona dugu, gu guztiokin hamarreko jarrera eduki du, eta keinu naturala izan da, maitasunezkoa eta esker onekoa". 

Rubialesek bi minutuko bideo bat zabaldu du Federazioaren bidez desenkusatzeko. Bertan onartzen du "ziurrenik" oker jokatu zuela eta "ez zela, bi aldeetako batetik ere, inolako intentzio txarrik egon" esaten du.

Luis Rubialesek dio ''ziurrenik'' akatsa egin zuela Jenni Hermosori ahoan musu emanda
Luis Rubialesek dio ''ziurrenik'' akatsa egin zuela Jenni Hermosori ahoan musu emanda
Luis Rubialesek dio ''ziurrenik'' akatsa egin zuela Jenni Hermosori ahoan musu emanda

2:01

Gertakari matxistak oihartzun handia izan du sare sozialetan —"Rubiales" joera nagusienen artean dago X sarean, lehen Twitter zen horretan—. Irene Montero jardunean dagoen Espainiako Berdintasun ministroak oso gogor kritikatu du: "Onespenik gabe musu bat ematea ez da 'gertatzen den zerbait'. Emakumeok egunero jasaten dugun sexu-indarkeriaren mota bat da, orain arte ikusiezina zena eta normalizatu ezin dena".

Monteroren hitzetan, jokaera horiekin amaitzea "gizarte guztiaren egitekoa da. Onespena erdigunean. Bai bakarrik da bai". 

Ione Belarra Eskubide Sozialen jarduneko ministroak ere gogor egin du Rubialesen kontra. "Hau da denok pentsatzen duguna. Hori Espainia guztia begira dagoela egiten badute, zer ez dute egingo pribatuan!? Emakumeen kontrako sexu-indarkeriak amaitu behar du. Besarkada bat txapeldunei", idatzi du X sarean.

Sumarren izenean, Marta Lois diputatu eta koalizioaren bozeramaileak esan du "onartezina" dela, eta Rubialesen dimisoa eskatu du. "Lotsagarria da", erantsi du. Ildo beretik, Ernest Urtasun eurodiputatuak azpimarratu duenez, "Rubialesek dimisioa eman beharko luke bihar bertan". Horren ustez, "munduari eman diogun irudia matxismo nazkagarriarena da. Ezin da zigor gabe geratu".

Sozialisten partetik, Adriana Lastra PSOEren diputatuak esan du Rubiales "nazkagarri" bat dela, eta dimisioa "gaur bertan" aurkeztu beharko lukeela. "Denagatik. Partidan zehar izan zuen jarrera onartezinagatik, jokalariak behartu ditzakeela eta hori barregarria dela uste izateagatik, eta herrialdearen erdia iraintzeagatik", idatzi du X sare sozialean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak gaur Munduko Futbol Txapelketa Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa