Gizartea -
Nafarroa
Adarkatu bat Tafallako entzierroan eta beste bat Faltzesko Piloiaren jaitsieran
Beste gertakari batean, Murchanten ihes egin zuten bi behik bi pertsona adarkatu dituzte larunbat honetan Nafarroako udalerri horretan.
Agentziak | EITB MEDIA
Iruñeko 21 urteko mutil bat adarkadaz zauritu da izterrean Tafallako azken entzierroan, eta ordu berean, Faltzesko Piloiarenean zezenek beste mutil bat adarkatu dute. Biak Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte.
Toro del Sobral ganadutegi portugaldarrak entzierro arriskutsua egin du gaur Tafallan: adarkadaz zauritutakoaz gainera, beste hainbat korrikalari artatu behar izan dituzte, kolpe eta uzkurdurengatik.
Faltzesen, bere zortzigarren eta azken entzierroan, Teodoro Vergara faltzesiarraren ganaduak ikusmin handia sortu du. Zezenek entzierro bihurri bat egin dute, eta adarkada bat eman diote korrikalari bati eskuineko aldakan. Gizona ohatilan jaitsi dute, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute.
Izua Murchanten
Beste gertakari batean, bi behik ihes egin zuten larunbat arratsaldean Murchanten (Nafarroa), eta ihesaldian bi pertsona adarkatu zituzten. Animaliek izu-uneak sortu zituzten herrian, behi bat herriko etxalde batean hesitu eta, ondoren, kamioi batean sartu zuten arte; besteari anestesia-dardo bat jaurti zion albaitari batek.
Adarkadak jasan zituzten pertsonez gain, zauri arinagoak zituzten beste batzuk ere artatu zituzten.