Gizartea -
BILBOKO ASTE NAGUSIA
Lehertu da festa Bilbon
Marijaiak hasiera eman dio, Arriaga antzokiko balkoitik, bederatzi eguneko jaiari. Bilbotarrek eta bisitariek mila jardueraz gozatu ahal izango dute.
EITB Media
Itxaronaldia amaitu da, eta milaka lagunek egin diote ongietorria aurten ere Marijaiari, Aste Nagusiko ikonoari, bederatzi egunetan mila ekitaldi baino gehiago programatuta dituen Aste Nagusiari hasiera emateko.
Bilboko 43. Aste Nagusia da aurtengoa; oraingoan gogoan izango dituzte 1983ko uholdeak, ezbehar hartatik 40 urte bete direnean, jaiak modu tragikoan eten behar izan baitzituzten. Gaur, ordea, eguzkia izan da nagusi eta termometroek 30 gradu markatzen zuten oraindik, arratsaldeko 19:00etan, Arriaga plaza eta inguruak betetzen zituzten milaka pertsonak pozez lehertu direnean, jaiak iragartzeko txupina bota eta Marijaia agertu ondoren.
Lehentxeago, Aiora Renteria Zea Mays rock taldeko abeslariak pregoi original bat abestu du festara animatzeko, Arriagako balkoian Itziar Urtasun Bilboko Jaietako zinegotziak eta Izaskun Pinedo txupinerak lagunduta.
Hona hemen Aiora Renteriak, Zea Mays-en 'Negua joan da ta' abestiaren doinuarekin abestu duen pregoia:
Arratsalde on bilbotarrok! Kaixo, Bizkaia maitea!
Unibertsoko hiriburutik besarkada handi bat!
Pozez zoratzen eta emozioz bete-betea,
balkoi hontatik abestea ametsik ederrena da.
Eskerrik asko benetan, oso harro sentitzen naiz,
eskerrak aita ta ama, eskerrik asko Zea Mays.
Laurak bilbotarrak gara, Santutxu, Irala eta Errekaldetarrak,
maite ditugu auzoko jaiak eta ez dugu ahaztuko Kukutza.
Sin Kuartel, Unamuno eta El Gas, Kaskagorri eta Abandoibarra,
Txomin Barullo eta Euskal Gunea, akustikotxoa Txorin eta Algara.
Jarraitu beharko dugu mila urtetan, txosna pilo bat daude jotzeko ta,
beti dena eman behar da, Bilboko jaietan.
Bilbon konpartsarik barik ez dago Aste Nagusirik,
Izaskun dago nire ondoan, Pinpiko aurtengo txupinera da bera.
Mesedez ondo pasa, aurten Bilboko jaietan,
beldurrik gabe denok kaleak betetzera.
Laztandu nazazu orain, nire baietza duzunean.
Tú ya sabes cuándo es no, no te lo tengo que explicar.
Ta larrua jotzean garrasirik ozenena,
gordin amaigabea, Bilboko jaietan.
Marijaia maitea, prest dago hor atzean, txupina dator eta!
Goza ditzagun gure gorputzak, errespetuaz,
handi, txiki, lodi ta argal, maitasun handiaz.
Bilboko jaietan.
Uholde haietan bezala, egin dezagun elkarlana.
Konpartsek ta Udalak antolatu dutena.
Dantzak, jana ta edana, ta han egongo gara
Mari, Txupi eta hirurok, aurtengo Bilboko jaietan.
GORA BILBO!
GORA MARIJAIA!
GORA ASTE NAGUSIA!
Pregoiaren ostean, Pinpilinpauxa konpartsako Pinedok piztu du Aste Nagusia iragartzeko suziria, eta, jarraian, Marijaia agertu da balkoian, besoak beti altxatuta, topa eginez eta Kepa Junkerak berari eskainitako abestiaren doinuekin dantzan.
Arriagako lanak amaituta, txosnagunera joan da Marijaia, ohi bezala, konpartsen irekierara.
Jaietako ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitu ahal izango dira telebista, irrati eta Internet bidez, eta Bizkaiko hiriburuko festa giroaren berri ere emango dute EITBko albistegi eta saio berezietan. EITBren programazio bereziari buruzko xehetasunak hemen dituzu.
Egitarau zabala
Iazkoa Aste Nagusi historikoa izan zen, marka guztiak hautsita, 1.600.000 pertsona baino gehiago bertaratu baitziren, pandemia osteko lehenengoan. Aurten, 1983ko uholdeak izan zirenetik 40 urte beteko dituen edizioa oso jendetsua izatea espero dute.
Beste behin, hiriak egitarau zabala eskainiko die bilbotarrei eta bisitariei, gustu eta adin guztietarako bostehun ekitaldi baino gehiago izango baitira. Guztiontzako moduko kontzertuak egongo dira; izan ere, Udalak zein Bilboko Konpartsek 100 musika emanaldi baino gehiago programatu dituzte datozen bederatzi egunetarako.
Halaber, ZETAK taldearen kontzertua izango da gozagai Europa Parkean datorren ostegunean, abuztuaren 24an, Gaztea Gauaren eskutik.