Gizartea -

Bizkaia

Bilboko Aste Nagusiari buruz jakin behar duzun guztia

Bizkaiko hiriburuko jaiak hilaren 19an hasi eta 27ra arte luzatuko dira. Aurtengo kultur eta festa eskaintza zabala, jarraian jasota.

Marijaia, Arriaga Antzokiko balkoitik jendetza agurtzen. Artxiboko argazkia: Bilboko Udala
Marijaia, Arriaga Antzokiko balkoitik jendetza agurtzen. Artxiboko argazkia: Bilboko Udala
Marijaia, Arriaga Antzokiko balkoitik jendetza agurtzen. Artxiboko argazkia: Bilboko Udala

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste Nagusiak kolorez, gozamenez eta ilusioz beteko ditu Bilboko kaleak larunbat honetatik, abuztuaren 19tik, hurrengo igandera, abuztuaren 27ra.

Aste Nagusi honetan ere, hiriak egitarau zabala eta anitza eskainiko die bilbotarrei eta bisitariei, gustu eta adin guztietarako bostehun ekitaldi baino gehiagorekin.

Jaien hasiera abuztuaren 19an, larunbatean, izango da, 19:00etan, Arriaga Antzokiko balkoi enblematikotik. Bertan, milaka lagun bilduko dira berriro Aste Nagusiaren 43. edizioari hasiera emateko, Aiora Renteria pregoilariarekin eta Izaskun Pinedo txupinerarekin batera. EITB Mediak 18:00etatik aurrera eskainiko du ekitaldia, ETB2n eta eitb.eus-en. Ez galdu!

Aiora Renteria eta Izaskun Pinedo, Bilboko Aste Nagusiko pregoilari eta txupinera
Aiora Renteria eta Izaskun Pinedo, Bilboko Aste Nagusiko pregoilari eta txupinera
Aiora Renteria eta Izaskun Pinedo, Bilboko Aste Nagusiko pregoilari eta txupinera

0:32

Gustu eta adin orotarako musika

Udalak eta Bilboko Konpartsek 100 musika emanaldi baino gehiago programatu dituzte aurten ere Aste Nagusian. Hemen kontsulta ditzakezu.

Kaleko antzerkia

Gas Plaza eta Casilda Iturrizar Parkeko Txikigunea izango dira berriro ere Aste Nagusi honetan kaleko Antzerki eta Arte Eszenikoen agertoki nagusia. Programak 23 ikuskizun bilduko ditu, 16 konpainiaren eskutik; bost Euskadikoak dira, sei estatukoak eta bost nazioartekoak. Musika, magia, akrobaziak, clowna eta umorea uztartzen dituzten kalitate handiko doako ikuskizunak izango dira, goizeko zein arratsaldeko saioetan.

Gas Plazan, bertaratzen direnek saio bikoitza izango dute egunero, 12:30ean eta 21:15ean, azken igandean izan ezik, azken horretan arratsaldeko emanaldia baino ez baita egingo. Bestalde, Casilda Iturrizar Parkeko (Txikigunea) Pergolako agertokian emanaldi bat egingo da egunero, 19:30ean, umeei zuzenduta.

TxireneBus

Aste Nagusiko bederatzi egunetan zehar, herritarrek hiribilduko txoko, kultura eta tradizioak ezagutu ahal izango dituzte, Gurutze Beitia, Mitxel Santamarina eta Iñaki Maruri artisten TxireneBus antzerki proiektuarekin. Ikuskizun ibiltariak hiriko punturik ezagunenetatik eramango ditu bertaratutakoak, autobus turistikoan, San Mamesetik hasi eta Guggenheim Bilbao Museoan amaituz. Egunero hiru emanaldi izango dira: 10:30ean, 12:00etan eta 13:30ean. Bilbori buruzko pasadizoak eta datu historikoak umorez ezagutu nahi dituztenek euren webgunean eskuratu beharko dute sarrera.

Iazko TxireneBus. Artxiboko argazkia: Bilboko Udala

Euskal folklorea eta herri kirolak

Egunotan Bizkaiko hiriburua bisitatzen dutenek Euskal Dantzak, Herri Kirolak, Erraldoi eta Buruhandiak, bilbainadak, bertsolariak eta pilota izango dituzte gozagai.

Gainera, traineruak Itsasadarrera itzuliko dira Aste Nagusian, Deustuko Arraun Taldearen eskutik, abuztuaren 20an, igandea, arratsaldeko bostetan. Aurten ere, Bilboko Itsasmuseumetik gertu dagoen pantalanean, piraguak doan alokatu ahal izango dituzte nahi dutenek.

Txikigunea, familiarteko dibertsioa

Abuztuaren 20tik 27ra, igandetik igandera, goizez eta arratsaldez, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara, Casilda Iturrizar parkean, Pergolan eta Ahateen Urmaelean dagoen Txikiguneak ateak ireki eta adinaren arabera diseinatutako hogeita hamar jarduera baino gehiago eskainiko ditu.

Gargantua, Txikigunean. Artxiboko argazkia: Bilboko Udala

Balearen Desfilea

Balearen Desfilea igandean, hilak 20, itzuliko da Bilbora, 19:00etatik aurrera. Urtero bezala, kalejira jendetsua Plaza Biribilean hasiko da, Kale Nagusia zeharkatuz, María Diaz de Haro kalearekiko bidegurutzera iritsi arte. Gaia itsasoa izango duten bost puzgarri erraldoi izango dituen desfile handia izango da, Olagarroa, Txangurroa, Bisigua eta Txirla lagun izango dituen Bali Balea buru dutela.

Su artifizialak

Aurten, Su Artifizialen Nazioarteko XXXI. Lehiaketak zerua argituko du gauero, abuztuaren 19tik (larunbata) 25era (ostirala), munduko hainbat lekutatik etorritako zazpi pirotekniarekin: Pirotecnia Devita, Oviedotik; Pirotecnia Minhota LDA, Portugaletik; Caballer FX eta Mediterraneo, Valentziatik; Aquarêve, Frantziatik; Pibierzo, Leondik; eta Pirotecnia Fonti, Italiatik. Azken gauean, Arabako Valecea pirotekniak erakustaldia eskainiko du.

Guztiak 22:30etik aurrera lehiatuko dira, Ikus-entzuleen Saria edo Epaimahaiaren Saria eskuratzeko.

Udalak uztailaren amaieran baieztatu zuenez, aurten ere Etxeberria Parketik jaurtiko dituzte su artifizialak, eta segurtasun neurriak areagotu egingo dituzte.

Iaz, abuztuaren 27an, Bilboko Epalzaren Alarguna kalean sutea piztu zen eta, ondorioz, 8, 9 eta 10 zenbakiko atarietan bizi diren bizilagunak etxetik atera eta lau txosnatan zegoen jendea lekuz aldatu behar izan zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Aste Nagusia Bilbao Bilbo gaur Arabako herriak Azken ordukoa Bizkaia EAE Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Jaiak