Gizartea -
Lan-gatazka
Donostiako suhiltzaileek zerbitzuaren prekarietatea salatu dute, "inbertsio faltagatik"
Langileen Batzordeak mobilizazioak iragarri ditu lan-baldintza hobeak aldarrikatzeko. Udalak, bere aldetik, ez du adierazpenik eman gaiaren harira.
EITB Media
Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak suhiltzaileen zerbitzuaren "prekarietatea" salatu du, "inbertsio faltagatik". Ziurtatu dute ez dagoela langile nahikorik asteko 7 egunetako 24 orduetarako, operadoreei ere ez zaiela prestakuntza ematen, eta instalazioak eta ibilgailuak zaharkituta eta egoera kaskarrean geratzen ari direla inbertsio faltagatik.
Ohar batean azaldu dutenez, egoera honetatik irteteko gutxienko beharrei buruzko txostena bidali diote Martin Ibabe Segurtasun eta Bizikidetza zinegotziari. Batzordeak adierazi duenez, "zinegotzi delegatuarekin bildu ostean, udal gobernuak erantzun bat emateko duen gaitasun falta agerian geratu da",
Donostiako Udalak, bere aldetik, ez du adierazpenik eman auziaren inguruan.
Suhiltzaileen esanetan, Eneko Goia alkatearen taldeak "ez du euro bakar bat ere bideratuko SPEISen inbertsioetarako" 2023 honetan, eta gobernuan dagoenetik "ez du zerbitzurako planik diseinatu".
Ondorioz, mobilizazioak iragarri dituzte "lan-baldintza hobeak" aldarrikatzeko, baina ez dute zehaztapen gehiago eman.