Gizartea -
Donostiako Aste Nagusia
Festak aurrera darrai Donostian, lehen gau lasai baten ondoren
Guztira, hamar pertsona atxilotu dituzte igande goizaldean ebasketa eta droga kasuengatik.
I.L.K. | EITB Media
Larunbat honetan ohiko kanoikadarekin Aste Nagusiari hasiera eman ondoren, Donostiak istilu larririk gabe gozatu du jaietako lehen gau lasaia.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EITB Mediari jakinarazi dionez, lehen gaua lasai samar igaro da, baina hamar pertsona atxilotu dituzte ebasketa eta droga kasuengatik.
Eskaintza ugaria eta askotarikoa izango da jaien lehen egun oso honetan, eta, azken traka gisa, igande gaueko su artifizialak Pirotecnia Zaragozanaren esku geratuko dira. Kontxako badiatik izango dira gozagai.
Kursaaleko terrazetan, DJ Lea eta DJ Tintz arduratuko dira gaua girotzeaz 23:30etik aurrera, eta Orquesta Rally Deluxek gauza bera egingo du Easo Plazan. Ordu berean, Gora Herria erromeriak publikoa dantzan jarriko du Boulevardeko Kioskoan.
Gainera, Sofia Ellar kantautorea arduratuko da igandeari amaiera emateaz, Saguesen emango duen kontzertuarekin, 23:45ean.