Gizartea -
Nafarroa
Lau pertsona ospitalera eraman dituzte Enerizen, baso-bide batetik irten ostean
23, 26, 29 eta 33 urteko lau gizonezko dira. Hainbat kolpe dituzte eta pronostiko erreserbatuarekin eramn dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lau gazte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte Enerizen, baso-bide batetik zihoazela ibilgailua bidetik atera ostean.
SOS Nafarroa 112 zerbitzuko Larrialdiak Kudeatzeko Gelak 07:34an jaso du bide-istripuaren berri, eta Lizarrako eta Cordovillako suhiltzaile-parkeko suhitzaileak, bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat (medikalizatua) eta oinarrizko bizi-euskarria duen beste anbulantzia bat bertaratu dira.
Istripuaren ondorioz, lau pertsona eraman dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, Iruñean. 23, 26, 29 eta 33 urteko lau gizonezko dira, eta hainbat kolpe dituzte, pronostiko erreserbatuarekin.
Horietako bi bizi-euskarri aurreratuko anbulantzian eraman dituzte, eta beste biak oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzian, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Bost pertsona zihoazen ibilgailuan, eta horietako bat ez da lekualdatu behar izan. Istripua Mendartea eta Zariketa parajeen artean gertatu da. Guardia Zibila ezbeharraren eginbideak bideratzen ari da.