Gizartea -

GIPUZKOA

Arrasateko gizon bat ikerketapean, Lezetxiki kobazuloan egindako kalteengatik

Ertzaintzak eginbideak ireki dizkio ondare historikoaren aurkako kalteak eta espoliazio arkeologikoa leporatuta, barruan kata klandestinoak, pintadak edo grafitoak egin zituelakoan. 2022tik Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatutako Gune Arkeologikoa da.

Arrasaten kokatutako Lezetxiki kobazuloaren sarrera. Argazkia: EFE / Alvaro Arrizabalaga
Arrasaten kokatutako Lezetxiki kobazuloaren sarrera.
Arrasaten kokatutako Lezetxiki kobazuloaren sarrera. Argazkia: EFE / Alvaro Arrizabalaga

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Arrasateko gizon bat ikerketapean jarri du udalerriko Lezetxiki kobazuloan egindako kalteengatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Zehazki, eginbideak ireki dizkio ondare historikoaren aurkako kalteak eta espoliazio arkeologikoa leporatuta, barruan kata klandestinoak, pintadak edo grafitoak egin zituelakoan.

Aurtengo otsailean abiatu zuten ikerketa, Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologoak konturatu zirenean kobazuloa inguratzen duen hesia hautsita zegoela, aztarna arkeologikoen bila kata klandestinoak egin zituztela eta horma eta sabaietan pintadak margotu.

2022tik Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatutako Gune Arkeologikoa da, eta, hortaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren berariazko baimena duten bisitariak eta ikertzaileak bakarrik sar daitezke.

Foru Aldundiko arduradunek zegokion salaketa jarri zuten ondare historikoaren aurkako kalteengatik eta espoliazio arkeologikoarengatik eta ondoren Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen.

Ikerketan agenteek egiaztatu ahal izan zutenez, pertsona ezezagun bat, espeleologiako materialez hornituta, kobazuloan sartu zen Foru Aldundiaren baimenik gabe, eta hainbat orduz egon zen barruan. Arrasateko bizilaguna den pertsona horri ondare historikoaren aurkako kalteak eta espoliazio arkeologikoa leporatu dizkiote.

Ertzaintzak Fiskaltzaren esku utzi ditu ikerketako eginbideak dagozkion ondorioak atera ditzan. Identifikatu duten pertsona horri 100.000 eta 1.000.000 euro arteko isuna jar diezaiokete, Euskal Kultura Ondarearen Legearen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gaurko albisteak Gipuzkoa Delituak albisteak Arrasate argazkiak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Debagoiena gaur