Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Emakume batek eraso matxista salatu du Bermeon
Salaketaren arabera, igandean bikotekideak eraso egin zion etxean. Bermeoko Udalak adierazpena kaleratu du gertatutakoa gaitzesteko, eta herriko mugimendu feministak gaur arratsalderako deitu duen elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak.
EITB MEDIA
Emakume batek eraso matxista salatu du Bermeon. Igandean izan zen erasoa, Bizkaiko herri horretako etxebizitza batean. Ertzaintzak baieztatu duenez, emakumeak azaldu du bikotekideak kolpatu egin zuela.
Bermeoko Udalak adierazpen instituzionala onartu du aho batez, gertatutakoaren aurrean "gaitzespenik sutsuena" adierazteko. Indarkeria matxistak "herrian tokirik ez" duela eta "bortizkeria matxistaren aurkako jarrerari eta konpromisoari eusteko" lanean jarraituko dutela esan dute udal taldeek. Halaber, "gertutasuna eta elkartasuna" adierazi diete biktimari eta haren ingurukoei. "Indarkeria matxista errotik eta behin eta betiko desagerrarazteko lanean jarraituko dugu, eta ahaleginak egingo ditugu elkarbizitzan oinarritutako gizarte berdinzale bat lortzeko", dio oharrak.
Era berean, udal ordezkariek herriko mugimendu feministak gaur arratsalderako deitu duen elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute. 19:00etan egingo da protesta bilkura, Lameran.
Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko. Oraingoz, ez dute inor atxilotu.