Gizartea -
GASTEIZ
Ortiz de Urbinak "inoiz baino mezu aldarrikatzaileagoa" iragarri du Zeledon gisa biziko dituen azken jaietan
23 urteko ibilbidearen ostean, Gorka Ortiz de Urbina azkenekoz izango da Zeledon. Asteazken honetan jaso ditu Zeledonen jaitsieran eramango dituen aterkia eta zahatoa, eta jaiak "errespetuz" bizitzeko deia egin du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ostiralean hasiko dira Andre Maria Zuriaren jaiak Gasteizen, eta Gorka Ortiz de Urbinak Zeledon gisa egin duen 23 urteko ibilbidea itxiko du aurten. Gaur iragarri duenez, Zeledonen jaitsiera ekitaldian "inoiz baino mezu aldarrikatzaileagoa" zabalduko du.
Zeledonen jaitsieran eramango dituen aterkia eta zahatoa eman dizkio gaur goizean Maider Etxebarria Gasteizko alkateak Gorka Ortiz de Urbinari.
Gorka Ortiz de Urbinak 23 urte egin ditu Zeledon gisa, baina 2020an eta 2021ean, pandemia tarteko, ez zen festarik ospatu, eta, hortaz, 21 aldiz parte hartu du Zeledonen jaitsieran.
Zeledonek jaiak "errespetuz" bizitzeko deia egin du, eta hilaren 10ean Andre Maria Zuriaren jaien balantzea egiten denean albisterik onena ezer ez dela gertatu esatea litzatekeela esan du. "Aurten inoiz baino aldarrikatzaileagoa izan behar du emakumeen eta LGTBI kolektiboaren eskubideekin", gaineratu du.
Hurrengo urtetik aurrera Zeledon emakumezkoa izan ote daitekeen galdetuta, Ortiz de Urbina aldaketarako prest agertu da. Horren ustez, gizartea eboluzionatzen ari da, eta gaur egungo jendarteari ezin zaio 1980ko edo 1990eko hamarkadako begiekin begiratu.