Gizartea -

Lehortea

Nafarroako zerealaren aurtengo kanpaina "azken 20 urteotako txarrena" izan da, sektorearen arabera

INTIA sozietate publikoak emandako datuen arabera, 630.000 tona zereal ekoitzi dituzte, iaz baino % 7 gutxiago. Balantzerik txarrena Nafarroa hegoaldeko lehorreko lurretan egin dute, hektareako 100 kiloko bilketarekin.

Hirugarren urtez jarraian, gari baino garagar gehiago landatu dute.
Garia
Hirugarren urtez jarraian, gari baino garagar gehiago landatu dute.

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Negu amaieran eta udaberri hasieran izandako euri faltaren eraginez, "azken 20 urteotako zereal kanpaina txarrena" amaitu berri dute Nafarroan. INTIA sozietate publikoak eman dituen datuen arabera, 630.000 tona zereal (garia, garagarra, oloa, koltza, ekilorea, ilarra eta zalkea) ekoitzi dituzte. 

Iazko kanpainarekin alderatuta (orduan ere, aurrekoan baino % 15 jaitsi zen ekoizpena), % 7 egin du behera, jakinarazi dutenez. INTIA elkarteak 32 urte daramatza Nafarroako kooperatiben % 85ek emandako biltzen, eta horren arabera, historiako bosgarren uztarik txarrena izan da aurtengoa. 

Balantzerik txarrena Nafarroa hegoaldeko lehorreko lur-sailetan egin dute. Hektareako 100 kilotik behera bildu dituzte han, eta lur-sail asko landatu ere ez dute egin. "Gainerako eremuetan, Foru Erkidegoko iparralderantz eginda, egoera ez da horren txarra, baina bai azken urteotako txarrena", azaldu du Jesus Goñi INTIAko Esperimentazio koordinatzaileak. 

Iruñerriko ipar-mendebaldeko lurretan errendimendu altuak izan dituzte, kanpainaren amaieran izandako tenperatura epelagoei esker, eta txingorra gorabehera. Hektareako 5.000 kilo bildu dituzte. 

Aldiz, Nafarroa Erdialdean ere zerealaren kanpainak utzitako zenbakiak ez dira onak, eta oro har balantzea negatiboa da: hektareako, batez beste, 3.400 kilo batu dituzte.

Azkenik, hezetasun maila baxua dela eta, izurrite gutxi egon direla jakinarazi du INTIA elkarteak. "Urte osasuntsua" izan dela zehaztu du, "gaitz gutxikoa". Salbuespena gari landaketa bakan batzuetan zabaldu den septoriosi gaitza izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nekazaritza Lehortea