Gizartea -

Indarkeria matxista

Algortako azken sexu-erasoak salatzeko elkarretaratzea egin dute

Bestalde, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du, erasoak "erabat baztertu eta gaitzesteko". Gainera, Udalak bi elkarretaratze deitu ditu asteazkenerako, 12:00etan eta 19:30ean.

Elkarretaratzea Telletxe kalean egin da, metro-geltokiaren alboan. Irudia: EITB
Elkarretaratzea Telletxe kalean egin da, metro-geltokiaren alboan. Irudia: EITB
Azken egunotan Algortan izan diren azken sexu-erasoak salatzeko elkarretaratzea egin dute

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan Getxon izan diren sexu-erasoak salatzeko elkarretaratzea egin dute arratsaldean, Algortako Mugimendu Feministak deituta. Protesta bilkura Telletxe kalean egin da, metro-geltokiaren alboan, 'Erasorik ez, erantzunik gabe' lelopean.

Oihane Landazabal Algortako Mugimendu Feministako kideak azpimarratu duenez, "salaketa kultura handiagoa dago, eta hori positiboa da eraso bat bera ere salatu gabe gera ez dadin".

Landazabalen iritziz, "guretzat garrantzitsua da salaketa soziala, sozialki salatzen ez bada, eremu pribatuan eta indibidualean geratzen delako; beraz, eraso bat gertatzen den bakoitzean kalera irtetea lagungarria da gizartearen gaitzespena ikusarazteko".

Ildo horretan, emakume bati eraso egiten zaion bakoitzean erantzutera animatu du. "Guztiok erantzuten dugu, nahiz eta pertsona bati eraso egiten dioten", ohartarazi du, eraso horien guztien aurrean gizartearen gaitzespena eskatzeko eta "batez ere, pertsona bati gertatzen zaion arazo indibidual bat izateari utz diezaion, guztion arazoa baita. Guztiok erantzun behar dugu eta guztiok inplikatu behar gara".

Romoko eta Portu Zaharreko hurrengo jaiei begira, Landazabalek aldez aurretik prebentzio- eta informazio-lana egitearen alde egin du, horrelako erasorik berriro gerta ez dadin. "Prebentzio mailan egin daitekeen lan guztiak beti laguntzen du, eta prebentzioan inbertitu daitezkeen baliabide guztiak positiboak izango dira ondorengo salaketarako", esan du.

Iragan asteburuan bi sexu-eraso salatu dituzte Algortako jaietan, horietako baten biktima adingabea da, eta asteartean, Aixerrotako paella festan, beste emakume batek salatu zuen eraso sexista pairatu zuela.

Ertzaintzak baieztatu duenez, larunbatean izandako sexu-erasoaren ustezko erasotzaileak epailearen aurrera eraman dute arratsaldean, eta karguekin aske utzi dute.

Aixerrotako paella festan izandako erasoarekin lotuta, berriz, 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, eta epailearen aurrean deklaratu ostean, aske geratu zen.

Algortako jaietan izandako sexu-eraso delituengatik Bilbo eta Leioako bi emakumek, horietako bat adin-txikikoa izanik, jarritako salaketen aurrean Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du gaur, erasoak "erabat baztertu eta gaitzesteko".

Erakunde-elkarretaratze isila egiteko deia egin du, Berdintasun Kontseiluko ordezkarirekin batera, asteazkenean, abuztuaren 2an, 12:00etan, udaletxeko eskaileretan, eta Getxoko herritarrak deitu ditu 19:30ean Telletxeko puntu lilan (Algortako metroko irteeraren ondoan) beste protesta batera.

Era berean, elkartasuna adierazi die erasoa jasan duten emakumeei, bai eta babesa eman ere. Bestalde, gogorarazi du "indarkeria erabiltzen duenaren erantzukizuna dela beti, eta erasoa jasan duten emakumeak erruduntzat jotzea saihestu behar dela".

Getxoko Udalak azpimarratu du "eraso sexistak justifikatzen dituen testuingururik ez dagoela, jaiak barne". Horregatik, berdintasunaren eta errespetuaren balioetan oinarritutako gizarte bat lortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du.

 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak