Gizartea -
Trafikoa
Normaltasuna nagusi errepideetan, goiz zail baten ostean
Ohiko lekuetan izan dira auto-ilarak, Frantziatik penintsulako hegoalderantz doazen ibilgailu ugarien ondorioz.
EITB Media
Frantziatik penintsularen hegoaldera doazen ibilgailu ugariek hainbat auto-ilara sortu dituzte larunbat honetako lehen ordutik.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, arazo horiek 07:00etan hasi dira eta zazpi kilometroko luzera izatera iritsi dira Irungo ordainlekuan.
10:30ean, AP-8ko ordainlekuan, Irunen (Gipuzkoa), Bilborako noranzkoan, auto-ilarak lau kilometrokoak ziren. AP-8ko Zarauzko ordainlekuan ere lau kilometroko auto-ilarak izan dira Bilborako noranzkoan.
Ibilgailu kopuru horrek berak bi kilometro inguruko auto-ilarak eragin ditu AP-1etik N-622 errepiderako sarbidean, Gasteiztik gertu, Burgoserako noranzkoan. Aurrerago, N-622 errepidetik A-1 autobiderako sarbidean ere ia hiru kilometroko auto-ilarak izan dira Gasteizen.
Gaur abiatu da, udako oporrak tarteko, irteera operazioaren bigarren fasea. Asteburuan trafiko dentsitate handiena izango da, oporretatik datozenei opor-lekura doazenak batuko baitzaizkie.