Gizartea -
Eguraldia
Laino eta lanbro artean doa agurtzen uztaila
Ostiral eguzkitsu eta beroarekin hasiko da asteburua, baina zeru grisa izango da nagusi larunbatean eta igandean, eta euria ere egin lezake. Tenperaturak behera egingo du, batez ere, igandean.
EITB Media
Uztaileko azken asteburua eguzkitsu hasiko den arren, zerua gris egongo da asteburuko ordu gehienetan eta lurraldearen zati handi batean.
Gaur, ostirala, uda egun batez gozatuko dugu. Zerua ez da erabat garbi egongo, batez ere goizean; ostarteak erdi eta goi mailako hodeiekin tartekatuko dira, baina eguna, oro har, argitsua izango da. Haizea, aldakor eta ahul ibiliko da eta arratsaldean iparraldetik finkatuko da, tarteka bizi. Nafarroan, eguna argia izango da, baina hodeiak ugaritzen joango dira eta ez da baztertzen arratsaldean zaparrada txiki bakanak botatzea Pirinioetan eta Kantauri isurialdean, ezta han-hemenka ekaitza lehertzea ere. Tenperatura maximoak ez dira asko aldatuko, 30 gradutik gorakoak izango dira barnealdean eta 25 gradutik gorakoak kostaldean.
Larunbat lainotua, euria arratsaldean
Larunbatean zerua hodei gutxirekin esnatuko da hegoaldean eta tarteka hodeitsu iparraldean. Egunean zehar hodeiak ugaritu egingo dira eta arratsaldean oso hodeitsu geratuko da iparraldean; hegoaldean, berriz, ostarteak gailenduko dira. Euria egingo du, batez ere arratsaldean eta kosta partean, ez askorik, hala ere. Goizean haizea ipar-mendebaldetik finkatuko da; hala, tenperatura maximoak jaitsi egingo dira iparraldean, ozta-ozta iritsiko dira 25 gradura, eta berdintsu geratuko dira hegoaldean. Kostaldean ipar-mendebaldeko haize ahula ibiliko da, eta gainerakoan haize ahul aldakorra, iparraldera egingo du eta arratsaldean tarteka haize bizia izango da hegoaldean.
Tenperaturak behera egingo du igandean
Igandean, iparraldean, zerua lainotuta egongo da, eta euria edo zirimiria ere egin lezake Kantauri isurialdean goizean, baina arratsaldean atertu egingo du. Hegoaldean zerua garbiago egongo da. Goizean ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta arratsaldean ipar-ekialdekoa, hori dela eta, tenperatura maximoak apur bat jaitsiko dira ipar partean eta nabarmen hegoaldean. Hain zuzen ere, 20 gradutik beherakoak izango dira kostaldean, eta 25 inguruan geratuko dira Araba eta Nafarroa hegoaldean.