Gizartea -
Osasuna
Pablo Olmos, AEA gaitza ikusarazten lagundu zuen gaixoa, hil da
Dar Dar elkartea sortu zuen zallarrak, ikerketarako dirulaguntza biltzeko. Familiak Pablok hasitako bidearekin jarraitzeko deia egin du.
EITB Media
Pablo Olmos AEA gaixotasuna ikusarazten lagundu zuen pazientea hil da, hamar urtez alboko esklerosi amiotrofikoari aurre egin ostean. Zallakoa (Bizkaia) zen eta 60 urte zituen.
Mendizale amorratua zen, eta 50 urte zituela, Kilimanjaro mendia igo ostean, gaixo zegoela konturatzen hasi zen. Gutxinaka, AEAk ia muskulu guztiak geldiarazi zizkion.
Bere familiaren laguntzarekin, mota guztietako terapiak probatu zituen, baina momentu batean, "aski da" esan zuen, eta "egunez egun" bizitzen hasi zen.
Olmosek Dar Dar elkartea sortu zuen, AEAren ikerketarako dirulaguntza biltzeko. Bere ibilbidean zehar, espedizio ugari antolatu zituen gaixotasuna bistaratzeko eta aurre egiteko finantzaketa lortzeko.
Irisaren mugimenduaren bitartez eta tableta bati esker komunikatzen zen. Berak antolatutako espedizioetan ere egon ahal izan du, modu birtualean. "Zalantzak izan ditut, eta batzuetan oraindik ere baditut. Jarraitzeko bidea oso pertsonala da, eta gauza askok eragiten die", azaldu zion EITBri orain dela hilabete.
Familiak Pablok hasitako bidearekin jarraitzeko deia egin du. "Gailurrera noa, mendi tontorrean ikusiko dugu elkar", bere sare sozialetan utzitako azken mezua.