Gizartea -

GERTAKARIA

9 urteko mutil bizkaitar bat hil da itota Burgosko Poza de la Sal herriko igerilekuan

Atzo izan zen ezbeharra, 19:30ak inguruan. Familiarekin oporrak igarotzera joana zen haurra Burgosko herri horretara. Bertako Udalak hiru dolu egun deitu ditu.

Poza de la Saleko igerilekua. Argazkia: EITB
Poza de la Saleko igerilekua. Argazkia: EITB
Poza de la Saleko igerilekua. Argazkia: EITB

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko 9 urteko mutil bat hil da itota Burgoseko Poza de la Sal herriko udal igerilekuetan. Familiarekin uda igarotzera joana zen herri horretara.

Gaztela eta Leongo larrialdietarako zerbitzuek jakitera eman dutenez, 19:30ak inguruan gertatu zen ezbeharra. Sorosle bat konturatu zen, antza, haurra uretan konorterik gabe zegoela. Berehala atera zuen, eta Sacyl Larrialdietarako Zerbitzuetako osasun-langileekin batera suspertzen ahalegindu baziren ere, ez zuten lortu. Bertan hil zen.

Heriotza zerk eragin zuen argitzeko, Burgosko Medikuntza Auzitegira eraman dute gorpua, eta gaur jakingo da zer dioen forentsearen txostenak. Bien bitartean, Guardia Zibilak ikerketa zabaldu du.

Bilbotik 129 kilometrora dagoen herria da Poza de la Sal. 300 bat biztanle dituen herri txikia da, eta bertan bigarren bizilekua dute bizkaitar askok.

Hiru dolu egun

Ezbeharraren aurrean, hiru dolu egun deitu ditu Poza de Saleko Udalak, eta bertan behera utzi ditu astebururako antolatuta zituzten ekitaldiak. Domingo Nuñez bertako alkateak azaldu duenez, haurraren familia oso ezaguna da herrian, bertan igarotzen baitituzte oporrak aspalditik.

Gertatutakoaz galdetuta, alkateak esan du sorosleak umea uretatik atera zuenean, igerilekuan une horretan arratsaldea igarotzen zeuden bi erizainek eta udaltzain batek lagundu ziotela. "Ordu eta erdiz saiatu ziren haurra suspertzen. Desfibriladorea ere erabili zuten, baina ez zuten lortu haurra salbatzea", gehitu du.

Herria "oso hunkituta" dagoela ere adierazi du Nuñezek, biktimaren familia "oso maitatua" baita bertan. "Orain, egin dezakegun bakarra gurasoei laguntzea da", esan du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Burgos Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Haurtzaroa albisteak Itotzeak