Gizartea -
Zentral nuklearra
Honela egingo da Garoñako zentral nuklearraren eraistea
Enresa enpresa publikoak zentralaren gainerako titulartasuna eta kontrola hartu ostean, 10 urteko prozesuari hasiera eman zaio. Denbora horretan, handik ateratako hondakin erradioaktiboak tratatu eta metatuko dituzte, ia eraikin guztiak botako dituzte eta zentraleko lurrei kutsadura kenduko diete.
EITB Media
Iberdrolak eta Endesak osatutako Nuclenor konpainiak hondakin erradiaktiboak kudeatu eta instalazio nuklearrak eraisteko ardura duen Enresa enpresa publikoaren esku utzi du Santa Maria de Garoña zentral nuklearra. Horrela, 10 urte iraungo dituen prozesuari eman diote hasiera eta bitarte horretan Burgoseko Valle de Tobalina herrian, Arabatik oso gertu, dagoen zentrala eraitsi eta inguruak leheneratuko dituzte.
Espainiako Gobernuak 2017an zentrala berriz martxan jartzeko baimena ukatu zion Nuclenorri. Orduan hasi zituen Enresak momentu honetara ekarri gaituzten lehen ekintzak, besteak beste, ingurumen-inpaktuaren ikerketa eta erregaiaren kudeaketaren plana. Tramite horiek guztiak gainditu ondoren, zentral nuklearra eraisteko baimena eman zuen uztailaren 17an Espainiako Gobernuak. Prozesuak bi fasetan egingo da, 475 milioi euroko aurrekontua izango du eta 350 pertsona arituko dira lanean.
Lehen aroa 2023 eta 2026 bitartekoa izango da. Tarte horretan hiru ekimen nagusi egingo dituzte. Horietan garrantzitsuena erabilitako erregai guztia lekuz aldatzea izango da. Aberastutako uranioa metalezko edukiontzi batzuetan sartuko dute. Horiek lehortu eta presurizatu ostean, Garoñan bertan dagoen aldi baterako biltegira (ATI) eramango dituzte eta han modu bertikalean jarri beharko dituzte. 49 edukiontzi beharko dituztela aurreikusi dute.
Hondakin horiek urteetan egongo dira Santa Maria de Garoñako ATI horretan. Enresako presidente Jose Luis Navarrok adierazi duenez, hipotesi nagusia bertan 2073 arte egotea litzateke, "Estatuan eraiki nahi duten hondakinen behin betiko biltegia", Biltegi Geologiko Sakona, "martxan jarri arte".
Era berean, hondakin erradioaktiboak kudeatu ahal izateko hainbat ekintza ere egingo dira lehen fase horretan, adibidez, zirkuito erradiologiko nagusiei kutsadura kenduko zaie, aurrerago zatikatu ahal izateko.
Aldi berean, turbina dagoen eraikineko zati handiak eraitsiko dira. Eraikin hori egokitu egingo dute eta bigarren aldiko eraiste lanetatik sortuko diren hondakinak tratatu ahal izateko gune gisa prestatuko dute.
Navarrok argitu nahi izan du ahalik eta hondakin erreaktibo gutxien sortzen saiatuko direla. Bere hitzetan, honelako prozesu batean sortzen diren hondakinen % 80, eraikuntzako ohiko hondakinak izaten dira eta ohiko bideak jarraituta tratatzen dira. Hauetako asko berrerabili edo berziklatzeko konpromisoa hartu du Enresak.
Hala ere, onartu du "beti gelditzen" dela "hondakin erreaktiboen kopuru bat, portzentaje bat". Horiei "trataera egokia" emango zaiela baieztatu du. Aktibitate baxua edo ertain-baxua dutenak Kordoban dagoen El Cabril behin betiko biltegira eramango dituzte. Gainerakoak edukiontzietan sartu eta bertako ATI biltegian utziko dira.
Bigarren aroan, zentralaren inguruko eraikin gehienak eraisteko lanak egingo dira. Aurretik hustuta egongo denez, fase horretan eraitsiko da erreaktorearen putzua ere. Horrez gainera, eraikin guztiei kutsadura kendu eta desklasifikatu egin beharko dira bota aurretik.
Ondoren, lurrak erradiologikoki aztertu beharko dira eta instalazio osoa itxi beharko da. Azkenik, Santa Maria de Garoñaren kontrola eta titulartasuna bere jabeari, Nuclenorri itzuliko zaio, aurrerantzean bertan zer egin nahi duen erabaki dezan.