Gizartea -
DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA
Zaporeak taldeak botako du Donostiako Piraten txupinazoa
Abuztuaren 14an, piraten ohiko abordatzea egingo da. Jaiak irauten duen bitartean hainbat kontzertu izango dira Flamenka gunean, besteak beste Mugan, Ibil Bedi, Olaia Intziarte, Nogen, Herenegun, Sua, Janus Lester, Esne Beltza, Delirium Tremens eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldea.
EITB MEDIA
Zaporeak taldea izango da abuztuaren 12an Donostiako Aste Nagusi Piratako txupinazoa jaurtikitzeaz arduratuko dena. Gobernuz Kanpoko erakunde honek egunero ematen die jaten Greziako uharteetako errefuxiatu-esparruetan dauden pertsonei.
Beste behin piratek Donostiako Aste Nagusiko jaiei helduko diete berriro. Jaiak abuztuaren 20ra arte iraungo du, eta antolatzaileek prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, ez dira Flamekan, Donostiako portuan, ohiko ekitaldiak faltako: bertsoak, kalejirak, koadrilentzako jokoak, playback lehiaketa, bizifesta, azoka eta bazkari herrikoiak.
Abuztuaren 14an, berriz, piraten ohiko abordatzea egingo da. Antolatzaileek adierazi dutenez, abordatze honetan parte hartu nahi duenak abuztuaren 1era arte eman dezakete izena.
Musika izango da protagonista nagusia aste osoan zehar Donostiako portuan, Iratzar erromeria, Mugan, Ibil Bedi, Olaia Intziarte, Nogen, Herenegun, Sua, Janus Lester, Esne Beltza, Delirium Tremens eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeek kontzertua eskainiko baitute Flamenkan.
Gainera, Piratek puntu more bat jarriko dute, Donostiako Udalak Boulevardean jartzen duenarekin lankidetzan, eta hiri osoan puntu gehiago jartzeko deia ere egin dute gaur prentsaurrekoan. Kolektiboak eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatu ditu beste behin, eta horiei aurre egiteko "prest" daudela adierazi dute.