Gizartea -
KARABELA PORTUGESAK
Donostian bainua debekatuko da 15 karabela portuges baino gehiago ikusten badira edo ziztada bat gertatuz gero
Hala jasotzen du Donostiako Udalak onartutako jarduera-protokoloak. Hondartzak hainbat azpieremutan banatuko dira, eta ale bat agertzen denean, ez dio hondartza guztiari eragingo, soilik hura dagoen eremuari.
EITB MEDIA
Joan den astean Donostiako hondartzetan hainbat karabela portuges atzeman ondotik, Donostiako Udalak jarduera-protokoloa jarri du abian. Horren arabera, 15 ale edo gehiago ikusiz gero edo ziztada bat gertatuz gero, hareatzetan bainatzea debekatuko da.
Protokoloak dioenez, bi ordutik behin aztertuko da egoera, eta horren arabera banderen kolorea aldatu edo ez erabakiko da. Hori bai, bandera gorritik horira igaroko da lehendabizi, berdera igaro aurretik, Udalak jakitera eman duenez.
Hondartzak hainbat azpieremutan banatuko dira, eta ale bat agertzen denean, ez dio hondartza guztiari eragingo, soilik hura dagoen eremuari, Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak ohar batean azaldu duenez. Ziztadak izanez gero, baina, "hondartza osoari eragingo dio", adierazi du.
Hiru ale baino gutxiago agertuz gero, bandera horia jarriko da agertu den azpieremu horretan, baita medusak daudela adierazten duen logotipoa duen bandera ere. Gainera, megafoniatik jakinaraziko da bainu-eremuan karabela portugesa ikusi dela.
Hiru ale edo gehiago antzemanez gero, bandera gorria eta marmoken bandera jarriko dira eremu horretan, eta debekatuta egongo da eremu horretan bainatzea. Megafoniak debeku horretaz ohartaraziko du.