Gizartea -
Indarkeria matxista
Espetxe zigorra ezarri diete 18 urteko neska bat taldean bortxatzeagatik atxilotutako turista alemaniarrei
Playa de Palmako hotel batean biktima sexu harremanak izatera behartu izana egozten zaie. Sei atxilotuetatik bosti ezarri diete zigorra.
Agentziak | EITB Media
Palmako Instrukzioko 8 zenbakiko Epaitegiko instruktoreak, Antoni Rotgerrek, bart guardia lanetan erabaki zuen Mallorcan atxilotutako 21 eta 23 urte bitarteko sei alemaniarretatik bost behin-behinean espetxera bidaltzea. Playa de Palmako hotel batean ustez 18 urteko herrikide bat bortxatzea leporatzen zaie.
Turistak atzo agertu ziren epailearen aurrean Via Alemaniako epaitegietan, osteguneko atxiloketaren ondoren, goizeko lehen ordutik hasi eta gauera arte.
Larunbatean igorritako ohar batean, Polizia Nazionalak azaldu du gizon horietako lauk sexu harremanak izatera behartu zutela neska, eta batzuk telefono mugikorrarekin grabatu zituen atxilotuetako batek.
Agenteek informazioa bildu, inplikatutako guztiak atxilotu eta anbulantzia bat eskatu zuten neska Son Espases Unibertsitate Ospitalera eramateko. Bertan, sexu erasoen biktimentzako protokoloa aktibatu zuten.
Familiaren eta Emakumearen Arretarako Unitatea (UFAM) arduratu zen ikerketaz eta akusatuetako bakoitzak sexu eraso horretan izandako papera ikertzeaz.