Gizartea -
Drogaren aurkako operazioa
Marihuana gozoki-bilgarrietan saltzen zuen talde bat desegin dute
Produktuek THC eduki handia zuten, eta horrek handitu egiten du normalean legez kanpo saltzen den marihuanarekiko toxikotasuna.
Agentziak | EITB Media
Guardia Zibilak talde delitugile bat desegin du, eta bederatzi pertsona atxilotu ditu, ustez marihuana kamuflatuta saltzen zutelako kirol-nutrizioko establezimenduetan, "growshop" establezimenduetan tabako-saltokietan eta Espainiako Estatuko hainbat probintziatako gasolina-zerbitzuguneetan.
Banilla, izozkia eta txiklea dira talde kriminalak saltzen zuen marihuanaren zaporeetako batzuk, "toxikotasun maila altukoak", Guardia Zibiletik adierazi dutenez. Iturri horien arabera, EAE (Bizkaia eta Gipuzkoa) eta Nafarroa dira jardun duten erkidegoetako batzuk.
Almeriako Fiskaltzak eta Berjako (Almeria) Lehen Auzialdiko Epaitegiak koordinatutako operazioan 9 pertsona atxilotu eta 147 ikertu dituzte, Granadan eta Valentzian lau miaketa eta Espainiako 31 probintziatako establezimenduetan 244 ikuskatze egin ondoren.
Azaldu dutenez, tramak "kalamu laborantza ekologikoa, apaindura-lorea eta bildumarakoa" bezala egiten zuen produktuen publizitatea, eta izen eta koloredun bilgarriak eta poteak eskaintzen zituen, gramotik 20 gramora zihoazen gozokien itxurakoak, 6,50 eta 30 euro arteko prezioekin.
Produktuak tabakoaren eta txokolatinen ondoan zeuden, marihuana "legezkotasun kamuflatu oinarri" batekin saltzen zuten establezimenduetan. THC eduki handia zuten, eta horrek toxikotasuna areagotzen du, normalean legez kanpo saltzen denarekiko.