Gizartea -
Euskal Herriko Unibertsitatea
Abian dira EHUko Medikuntza fakultatearen eraikin berriaren lanak, Bilbo erdigunean
Azpiegitura lehen harria jartzeko ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eva Ferreira EHUko errektorea, Bilboko zein Bizkaiko agintari nagusiak ondoan zituztela. 2026/2027 ikasturterako prest egotea espero da.
EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eva Ferreira EHUko errektorea buru zirela, gaur abiatu dituzte, eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldiarekin, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren lanak, Basurtu auzoan, Bilbo erdi-erdian, beraz. Azpiegitura berria 2026-2027 ikasturtean martxan egotea espero da.
Basurtuko Ospitalearen ondoan (erietxearen aparkalekua zen eremua), 5.000 metro koadro pasatxoko orubean altxatuko dute eraikina. Lau orraziz osatuta egongo da, eta bost solairu eta sotoa izango ditu. Gune akademikoan honakoak paratuko dituzte: 75 ikasgela, bi ospitale birtual, ikerketarako eremuak eta 10.000 metro koadroko espazioan hainbat arlotako laborategiak eta beste ekipamendu batzuk. Hegalik handiena, hegoaldekoa, ikerketarako eta irakaskuntzako laborategietarako erabiliko da.
Eraikin berriak Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintzako graduak hartuko ditu, baita Osasun Zientzien arloko zazpi master ofizialak ere.
Ikerketari dagokionez, Ingeniaritza Biomedikoarekin, Familia Medikuntzarekin eta Medikuntza Pertsonalizatuarekin lotutako proiektu berriak bultzatuko ditu, eta Erizaintza eta Fisioterapia arloak indartuko ditu, arlo horietarako ildo espezifikoak dituzten doktorego-programen bidez.
Lanok egiteko 62 milioi euroko aurrekontua aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak. Ferrovialek eta Eraikuntza Birgaikuntza Artapen (EBA) enpresa arabarrak eratutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) eraikiko du eraikina, maiatzean egindako esleipenaren arabera. Gogorarazi behar da lanak esleituta zituen aurreko enpresak uko egin ziola, materialen garestitzea argudiatuta. Hala, 10 milioi euro gehitu zizkioten aurrekontuari.
Osasun eta unibertsitate publikoaren aldeko "apustu garbia"
Ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, Hezkuntza Sailaren finantzazioarekin burutuko dute proiektua, eta horrek agerian uzten du EAEko erakundeek "osasun publikoaren eta kalitate goreneko euskal unibertsitate publikoaren aldeko apustu garbian" jarraitzen dutela.
Eva Ferreira EHUko errektorea "pozez eta eskertuta" azaldu da. Horren aburuz, "azpiegitura berri honekin osasunaren eta teknologiaren arteko sinergiak indartzen ditugula, eta ikusgarritasun handiagoa ematen diogula gure unibertsitate publikoak Bilbon duen goi-mailako prestakuntzaren lidergoari."