Gizartea -
2023ko sanferminak
Lasterketa politak egiteko aukera eman dute Jandillako zezenek
Ia ibilbide osoan batuta eta ordenatuta joan dira animaliak, eta ez dute aldeetara adarkadarik egin. Azkar egin dute ukuiluetarako bidea: 2 minutu eta 23 segundoan. Hiru korrikalari eraman dituzte ospitalera
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Arriskutsu ospea badute ere, otzan ibili dira gaur Jandilla Extremadurako ganadutegiaren adardunak, eta entzierro garbi eta azkarra (2' 23'') eskaini dute, korrikalarien gozamenerako. Hala, Gurutze Gorriaren lehen balantzearen arabera, hiru pertsona eraman dituzte ospitaleetara, denak kontusioengatik.
Joaldunak aurretik zituztela, adardunek batuta egin dute entzierroaren lehen zatia. Mercaderes-Estafeta bihurgunean, baina, zezen beltz bat aurreratu da eta laster batu zaizkio beste lau anaia, tarte batera bada ere. Hori horrela, animaliak bakarka hartzeko eta korrikaldi politak egiteko aukera izan da Estafeta kalean, aurreko egunetan baino jende gutxiago ibili baita.
Jandillakoek entzierro arriskutsuak egin izan dituzte aurreko urteetan, baina oraingoan zintzo egin dute ibilbidea eta ez zaizkie korrikalariei oldartu. Dena dela, hainbat korrikalari ez zegokien lekuan izanagatik (Telefonicako hesien kontra paratuta zeuden batzuk), erorketak izan dira.
Taldea gehiago sakabanatu da, eta atzean geratu da zezenetako bat. Azken txanpa arrisku egoerarik sortu gabe egin dute, eta zuzenean sartu dira zezen plazako ukuiluetara.
Adarkaturik ez gaurkoan
Gurutze Gorriak emandako lehen balantzearen arabera, guztira hiru korrikalari erietxeratu dituzte, denak kolpeengatik: lehenengo biak Telefonica paretik eraman dituzte. Batek kontusioa du hankan, eta besteak zauria, leku berean.
Hirugarren zauritutakoa Estafetatik eraman dute, kontusioa baitu eskuineko besoa.