Gizartea -

Nafarroa

Miravalles-El Redin zentroaren finantzazio publikoari eutsi behar zaiola berretsi du Nafarroako Auzitegiak

Mutilak eta neskak bereizteagatik Batxilergoko hezkuntza ituna eten zuen Gobernuak, eta horren kontra kautelazko neurriak hartu zituen Auzitegiak. Chiviteren gobernuak aurkeztutako helegitea errefusatu du orain Justiziak, interes pribatuak eta publikoak "modu orekatuan" aztertu direla ebatzita.

Miravalles-El Redin ikastetxea. Argazkia: EITB Media
Miravalles-El Redin ikastetxea.
Miravalles-El Redin ikastetxea. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez, Foru Gobernuak ezin du bertan behera utzi Miravalles-El Redin Opus Deiren ikastetxeko Batxilergoaren hezkuntza ituna, eta finantzazio publikoa kendu, nahiz eta zentroak ikasgelak sexuaren arabera banatu

Espainiako Gobernuaren hezkuntza legeak (Lomloe) espreski debekatzen du sexu bidezko bereizketa egiten duten ikastetxeen finantzazio publikoa, eta araudia oinarri, Iruñeko zentroaren Bartxilergoko ituna kendu zuen. Ikastetxeko gurasoek Auzitegira jo zuten orduan, laguntza kentzeak "kalte konponezina" eragin ziezaiokeela argudiatuta eta erabakia kautelaz atzera botatzeko eskatuta. Opus Deiko ikastetxeari arrazoia eman zion Nafarroako Auzitegi Nagusiak, eta gaur ere, Foru Gobernuak aurkeztutako helegitea aztertu ondoren, gauza bera egin du Administrazioarekiko Salak. 

Auzitegiak ohar bidez azaldu duenez, interes publiko eta pribatuak "modu orekatuan" aztertu dituzte erabakia hartzeko. Hots, ikastetxearen interesak eta Administrazioaren interes orokorrak. Izan ere, argudiatu duenez, "eten den finantzaketaren eduki ekonomikoa bermatzeko aldez aurretik abal solidario bat eskatzea ezartzen baitu".

Nafarroako Justiziaren arabera, Foru Gobernuak auzia "txarto bideratu" du helegitean eta prozesuaren helburua "nahastu". Auzitegiaren ustez, auzi honetan ez da ezbaian jartzen sexu bidezko bereizketa Konstituzioaren kontrakoa denik: "Hori juridikoki eztabaidaezina da", erantsi du. Ebazpenaren arabera, kasu honetan, "irregulartasun administrazio batzuez gain", beste kontu bat dago jokoan: "Batxilergoko ikasleei eskubide iragankor bat aplika dakiekeen ala ez, Foru Legeak derrigorrezko etapetarako aurreikusten duen bezala".

Auzitegiaren aburuz, Miravalles-El Redin ikastetxeari ituna kentzeak "kalte konponezina" eragingo lieke zentroko ikasleei. Eta hori ez da Nafarroako Gobernuak adierazitakoa derrigorrezkoa delako (ikastetxe pribatuek sexu bidez bereiz ditzakete ikasgelak), baizik eta administrazio-egintza gauzatzea "eremu objektibo (hezkuntza) eta subjektibo (ikasle adingabeak) bati dagokiolako", eta horrek "kalte itzulezinak" eragin ditzakeelako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntza Matxismoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia