Gizartea -
Hilketa matxista
Logroñon atxilotutako gizonak bere emaztea hil izana aitortu du
Emakumearen hilotza 15:30ak aldera topatu dute. Ustezko hiltzailea, 40 urte inguruko gizonezkoa, Ebro ibaiaren inguruko kale batean atxilotu dute, lehen zantzuen arabera, seme-alabak itotzen saiatzera zihoala.
EITB Media
Logroñon gaur arratsaldean emaztea labanaz hil duelakoan, atxilotu duten gizonak aitortu egin du krimena.
Hiru seme-alabak itotzeko asmoz Ebro ibai aldera zeramatzanean, atxilotu dute eta Poliziari krimena aitortu dio orduan, ikerketa iturriek baieztatu dutenez.
Espainiako Poliziak ohar batean azaldu duenez, hainbat agentek gizonarekin hitz egin dute eta honek esan die, litekeena zela bere emaztea hilda egotea etxean, Martinez Flamarique plazako lehen zenbakian.
Udaltzaingoa eta Espainiako Poliziako agenteak bertartu direnean, eta atea ireki ostean, 34 urteko emakumea topatu dute, odolhustuta eta hilda.
Iturriek azaldu dutenez, hilketa gertatu denean, haurrak Rafael Azcona Udal Liburutegian zeuden, etxebizitzatik gertu. Antza, aita euren bila joan da liburutegira eta bertatik abiatu ibai aldera. Haurretako batek ihes egitea lortu du eta abisu eman du.
Espainiako Gobernuak Errioxan duen ordezakaritzaren esanetan, ez dago salaketarik tratu txarrengatik edo indarkeria matxistagatik.
Conrado Escobar Logroñoko alkatea hilketa izan den etxera joan da, baina ez du adierazpenik egin. Udalak hilketa matxisten kasuetan aktibatzen den "Dolu-protokoloa" aktibatu du eta elkarretaratzea deitu du igandeko 19:00etarako, Urrutia Generalaren kalean dagoen genero-indarkeriaren kontrako muralaren parean.
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak minutuko isilunea deitu du egoitza parean igande eguerdirako, emakumearen hilketa salatzeko.