Gizartea -

Sanferminak 2023

Escolarren zezenek zirrara eta abiadura jarri diote sanferminetako bigarren entzierroari

2 minutu eta 20 segundoan egin dute ibilbidea, eta zezen bat joan da buruan uneoro. Lau zauritu eraman dituzte ospitalera, baina larritasunik gabe.

Escolarren zezenak, sanferminetako bigarren entzierroan. Argazkia: EITB
Escolarren zezenak, sanferminetako bigarren entzierroan. Argazkia: EITB
Bigarren entzierroa azkarra eta garbia izan da

2:24

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Escolar Avilako ganadutegiko zezenek zirrara jarri diote 2023ko sanferminetako bigarren entzierro azkar eta jendetsuari. Zaurituen balantzearen arabera, lau eraman dituzte ospitalera, eta batek adarkada jaso du, baina gorputzean sartu gabe.

Eguraldia lagun, ibilbidea 2 minutu eta 20 segundoan egin dute zezenek, buruan zezen bat zihoala. Horrek ireki die bidea anaiei eta abiadura eta arriskua eragin du, Estafeta kalean bereziki.

Santo Domingoko aldapa ziztu bizian igo dute zezenek, eta korrikalariek tarte horretan lekua zuten oraindik mugitzeko. Mercadereseko bihurgunean, berriz, une arriskutsua bizi izan da, zezenetako batek korrikalari batzuk jazarri baititu, eta horietako bat erori denean, hormaren kontra izan du une batez.

Zezenak luze eginda sartu dira Estafeta kalean, bi zezen beltz buruan zirela, eta korrikaldi politak ikusi ahal izan dira, korrikalariak zezenen adarretara gerturatu ahal izan direlako. Baina segituan zezen bakar bat jarri da aurrealdean, gainerakoak gidatzen, eta eroriko asko izan dira jendez lepo zegoen kalean.

Telefonicako bidea ere zezen beltz bat buruan zela egin dute, eta hor ikusi ahal izan da gaurko entzierroko irudi ederrenetako bat, korrikalari batek zezenaren adarra bizkarrean itsatsita zuela korrika.

Zezenak, azkenean, laguntzarik behar izan gabe sartu dira zuzen-zuzenean zezen plazako ikuiluan, arratsaldean Fernando Robleño, Juan del Alamo eta Borja Jimenez toreatzailei aurre egin baino lehen.

Oraingoz, osasun zerbitzuek lau pertsona eraman dituzte ospitalera, baina ez daude larri. Horietako batek adarkada jaso du, baina ez dio gorputzean sartu. Beste bik kolpeak jaso dituzte buruan eta bularrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak